Pelikula egingo dugu gaur arratsaldean. Zinema-forum “Omar”

 2017 Martxoa 10

Ordua 18:45

Aiete Kultur Etxea

Palestina: ‘apartheid’-aren harresia

Israel Zisjordanian egiten ari den harresiaren %80 Palestinako lurretan barrena joango da amaitutakoan; zenbait tokitan, 20 kilometro barneratuko da, eta hainbat herri inguratuko ditu.

Nazioartean harresi ezagunenetakoa da Zisjordaniakoa. Leku batzuetan, tresna elektronikoekin kontrolatzen dute, baina, izatez, benetako horma da, eta porlanezko orbain erraldoi batek bezala zatitzen du Lurralde Santua. Ariel Sharon lehen ministro ohiak martxan jarritako proiektua da, eta, 15 urteren ondoren, lanak ez dituzte bukatu. 2004an, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak «legez kanpokoa» zela ebatzi zuen, eta Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak eraisteko eskatu zion Israeli. Estatu juduak, baina, ez du eraikuntza gelditu. Amaitzen dutenean, 720 kilometroko luzera izango du; hormaren %80 Palestinako lurrean barrena joango da, eta zenbait tokitan 20 kilometro barneratuko da. Palestinarrek salatu duten legez, lur gehiago bereganatzeko beste era bat baino ez da. Terrorismoa gelditzeko tresnak, berriz, emaitza paregabeak eman dituela argudiatzen dute agintari juduek. Bigarren intifada piztu eta hiru urtera hasi zuten amaitu ez den eraikuntza.

Segurtasun harresia ?edo, palestinarrentzat, apartheid-arena? bukatzen dutenean, hainbat herri inguratuta geratuko dira. Betleem da azken adibidea. Martxan dagoen azken zatiak kristauen gotorleku Beit Yala herriko Cremisango harana zatitu du. Frantzisko Aita Santuak 2014an Lurralde Santura egin zuen bisitaren ondoren, lanak gelditzeko eskatu zion Israelgo Gobernuari, eta gelditu egin zituzten. Baina, urtebete geroago, Vatikanoak Palestina estatutzat onartu eta gero, Israelek berriz ekin zion gaur egun ia amaituta dagoen lanari. Xavier Abu Eide Palestina Askatzeko Erakundearen bozeramaile, kristau eta Beit Yalako bizilagunentzat, «erabateko neurri politikoa izan da Cremisangoa; mendekua da, besterik ez».

Ehun sendi kristauek lurrak galdu dituzte, eta han dagoen monasterio katolikoak ere kalteak izan ditu. Besteak beste, ardoa egiteko behar dituen mahastiak harresiaren beste aldean gelditu dira. Hura da Palestinako ardandegi zaharrena. Rafoul Rofare Saint Yves erakundeko abokatuarentzat «sekulako galera da, bereziki gutxiengo kristauentzat. Lurra galdu dute, eta, ondorioz, diru iturria. Haien olibondoek ehunka urte dituzte, eta orain ezin dituzte zaindu; gehienetan, lur jabeak ezingo baitira harresiaren beste aldera joan, ez dutelako lortuko Israelera sartzeko beharrezkoa den baimena. Eta Zisjordaniako C gunean indarrean dagoen lege militarrak dio 10 urteko urrunaldiak baimena ematen diola armadari lurra konfiskatzeko».

Oslon 1993an sinatutako bake akordioak hiru zatitan banatu zuen Zisjordania: A gunea Palestinako Aginte Nazionalaren eskuetan dago (PAN); B gunearen kontrol zibila PANen eskuetan dago, baina kontrol militarra israeldarren eta palestinarren artekoa da; C gunearen kontrol zibila eta militarra israeldarren eskuetan dago soilik. Israelgo Justiziaren aurrean defendatu ditu Rofak Cremisango sendiak, eta sekulako ezintasuna sentitzen du orain hondeamakinak lanean ikusterakoan.

Israel, harresiz inguratuta

Israelen, baina, badira harresi gehiago, herrialdea hesiz inguratuta egoteraino; hegoaldean, ekialdean eta iparraldean daude hesiak, eta, agintariek diotenez, estatu judua babestea dute helburu. Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi ondoren Mexikoko mugako harresia amaituko zuela esan zuenean, berehala jaso zuen Benyamin Nentanyahuren erantzuna. Israelgo lehen ministroak zera esan zuen Twitter bidez: harresiak «emigrazio ilegala eteteko oso ideia ona» direla. Israelek Egiptoko mugan eraiki duen hesia jarri zuen adibide. Netanyahuren hitzek sekulako zalaparta sortu zuten, eta Mexikoko agintariek eta herrialdeko talde juduek barkamena eskatzeko eskatu zioten. Likud alderdi kontserbadorearen buruak, alabaina, argi esan zuen ez zuela barkamenik eskatuko.

Hesi berriak

Rafahetik Eilateraino 245 kilometroko hesi metalikoa dago. 2013an amaitu ziren eraikuntza lanak, eta, hasieran Afrikatik zetorren legez kanpoko migrazioa gelditzeko zela esan zuten arren, geroago, estatu juduaren agintariek aitortu zuten Sinaiko basamortuan indarra hartu duen Estatu Islamikoaz eta beste talde terroristez defenditzeko hesia dela. Argudio bera erabili du Defentsa Ministerioak iparraldean Siriarekin eta Libanorekin dituzten mugak hesiz blindatzeko.

Azken harresia Jordaniaren mugan eraikitzen ari da estatu judua. Bake ituna indarrean izan arren, eta AEBek eskualdean duten aliatu sendoenetako bat bada ere, Netanyahuk muga babestea erabaki du, eta horretarako beste hesi bat jarri du abian. Lehen zatia 30 kilometrokoa da, eta Eilatetik Samarrera doa. Orain dela urtebete proiektua aurkeztu zuenean, lehen ministroak argi esan zuen azken helburua «Israel hesiz guztiz inguratzea» dela, «gure inguruan bizi diren predatzaileak urrun edukitzeko». Jordaniako mugan martxan dauden lanak bukatzen dituztenean, Israelgo kosta izango da herrialdean hesirik gabe geldituko den zati bakarra. Hesia itsasoa izango da.

Argazkia: ABED AL HASHLAMOUN / EFE

2017-02-26 / Mikel Ayestaran

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio