Aurki hasiko dira obrekin, eta bederatzi hilabetetan eraikiko dute

Aiete eta Morlans lotuko dituen igogailuak eraikitzeko lanak esleitu dituzte

Aiete eta Morlans lotuko dituen igogailuaren maketa. (Argazkia: Donostiako Udala)

Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Aiete-Morlansko igogailuen eraikuntza lanen esleipena onartu du gaur. Guztira, 1.559.361 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta Otegi-Gaztañaga-Urbycolan enpresak izango dira lanen arduradunak. Maiatzaren hasieran hasteko asmoa dute.

Bi zatitan banatuko dituzte obrak. Alde batetik, Morlans ibilbidea eta Izoztegi pasealekua batuko dituen igogailua egingo dute, 1.331.529 euroko aurrekontua izango du eta bederatzi hilabeteko epea izango dute eraikitzeko. Etzandako igogailua izango da, “Donostiako D itxurarekin“, eta bertan 25 lagun igo ahal izango dira.

Bestetik, Pio Baroja eta Aiete pasealekua batuko dituen igogailua egingo dute, 227.832 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko epean. Bi guneak zazpi segundotan elkartuko ditu, eta etorkizunean eraikiko duten Aieteko osasun zentroaren parean geratuko da.

Bi igogailuen konexioak 1,3 kilometroko esparruan bizi diren 3.700 donostiarrei emango die zerbitzua. Gainera, Morlansko bidegorriaren ingurunea ere hobetuko dute, eta oinezkoentzako bideak eraikiko dituzte, baita jan eta edateko guneak ere, bizikletentzako aparkalekuak eta bankuak.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio