nola dagon egualdia,
bertsoak jartzen igaroko det
igande arratsaldia.
igande arratsaldia.
Gerraren aurka egin nai nuke
gaurko nere itzaldia,
negargarria dijoalako
ogeigarren gizaldia.
-2-
Mundua mundu degun ezkero
gerrak izan dira baiña,
sekula, noski, ez zan izango
gizaldi onetan aiña.
Gizonak emen ereiten badu
gorrotoa ta zizaiña,
belar txar ori ugaria da
ta ematen du ordaiña.
-3-
Gaur ere gerran ikusten ditut
sei edo zortzi nazio,
ta indartsuak mendekoari
egurra ematen dio.
Iñoiz pentsatzen egoten naiz ni
gauza au dala merio,
arrazoiaren indarrak emen
ez ote duan balio.
-4-
Ederki asko erakusten du
Jesukristo’ren dotriñak,
zeru ta lurrak guziontzako
ditula berak egiñak.
Baiña oraindik, zoritxarrean,
ba-daude buru ariñak,
uste dutenak gizon guziok
ez ote geran berdiñak.
-5-
Zer demontretan joaten gera gu
gure anaien etxera,
beren izerdiz irabazia
indarren bidez kentzera?
Pakezaleak gerala esan
beti itzetik ortzera,
naiz gero koska egin aguro
suge gorrien antzera.
-6-
Aitzekiren bat artuta goaz
orain nolanai gerrara,
alkar iltzeko jaio bagiña
bezela mundu ontara.
Egun auetan begira nago
erdi negarrez Biafra’ra
biotzak lertu bear derrigor
galtzairuzkoa ezpada.
-7-
Biafra aldean ez da faltako
aurtxo txikien negarrik,
emakumeak auleriakin
ez dutelako bularrik.
Jaio orduko sufritzen azi
goseak eta egarrik,
nola ez zuten gerra galduko
ezpazeukaten indarrik?
-8-
Biafra’ko gerra bukatu dala
mundu guzira zabaldu,
beti bezela indartsuenak
aula zegona zabaldu,
Indarren bidez erri txikiak
naiz txikitu ta kixkaldu,
seme jatorren errimiñikan
ezin diteke itzaldu.
-9-
Gerrak utzita gizon guziok
ekin zaiogun lanari,
ortik bakarrik etorri leike
gugan zorion ugari.
Danok pakean, lana egiñaz,
frutua kendu lurrari,
ia gosea kentzen diegun
mundu guziko aurreri.
-10-
Beltz eta zuri, gizon guziek
alkar maitatzen dutela,
justizia ta askatasuna
beti izan dezatela.
Aurtxoak berriz naiko ogia
eta sukalde epela,
gerrik geiago ez izateko
Jaunak nai duan bezela.
Zeruko Argia. Urtea: 1970 Alea: 369.zk