Zizelkari

Ez dakit zilegi ote den batek bere mina ateratzeko idaztea; hobeto esan, idatzitakoa argitaratzea. Dilema horrekin heldu diot gaurkoari. Hasier Etxeberriari buruz asko eta ondo hitz egin eta idatzi dute egun hauetan hainbat idazle, kazetari eta kultur munduko jendeek, bakoitzak bere tokitik; batzuen eta besteen artean zirriborratu dute haren figura, haren alde askotariko ekarpenak. Eta, hala ere, ez zaigu erraza gertatuko haren mundualdia agortzea.

Bere zentimetro guztiak aprobetxatzen zituen gizona zen Hasier, eta zentimetroak asko zituen, nola luzean, hala zabalean. Zentimetro horiek denak —fisikoak, mentalak eta emozionalak— jartzen zituen jokoan zerbaiti heltzen zionean. Baita minbiziaren kontrako borrokan ere. Iazko irailean Minbizia dut iragarri zuenean bere blogean, «zango bat zepoan harrapatuta daukan otsoaren amorru berberarekin» borrokatuko zela agindu zuen. Horregatik, bagenuen itxaropen itsu bat, Zumosoleko lehengusuaren pare, gaitza ere gaindituko zuela. Egun batean ez, hurrengoan bai, bidaltzen zituen txioek elikatzen zuten itxaropen hori. Bere egoera eta aldarteari buruzko arrastoak emango zituen batzutan, gaixotasunak estutzen zuenean; hurrena, tertulian bageunde bezala, halako idazle, liburu edo artikuluri buruzko iruzkinak. Edo, azkenetakoa, bere aita —91 urte— Korrikarako prestatzen hasia omen zen albistea.

Ez dakit berak ametituko ote lidakeen, baina nik gizon errenazentistaren sailean sartuko nuke Hasier; XX-XXI. mendeetako errenazentista, eta Euskal Herrikoa. Hainbat euskaltzaleren ibilbide paradigmatikoak hartu, bata bestearen atzetik jarri soka luzean, eta horrela bakarrik osa daiteke Hasier Etxeberriaren curriculuma.

Urrutienetik hasita, izan zen estudiante Valladoliden —hemen artean Unibertsitatea osatu gabe zegoenean— eta han, Euskal Biltzarreko Euskara Tekniko Taldeko kide izan zen. Talde horrek sinatuta argitaratu ziren Zeruko Argia-n 1978an osasun gaiei buruzko dibulgaziozko artikuluak; Hasier tartean zegoen.

Gertuenera jota, ZuZeu orainkaria sortzearekin jarri zuen Hasierrek bere kazetaritzako ibilbidea teknologiak eskaintzen zuenaren abangoardian. Inguruko lankideen artean —ETBn— egin zituen ahaleginak autopista horretan sar gintezen, alferrik ordea; eskerrak lortu zuen gu bezain lerratu eta egonkortuta ez zeuden beste komunikatzaile batzuk biltzea.

Tartean, galdu ziren bide erdian proiektu batzuk; esaterako, Euskal Telebistan Euskaldunak programa (2014-2015). Arlo ezberdinetako hiru pertsona ezagun bildu etxe eta ingurune atsegin batean, eta haien artean huntaz eta hartaz hitz eginaraztea zen saioaren funtsa. Telebistarako ekoizpen interesgarri eta atsegin bat egiteaz gain, Hasierrek bilatzen zuen hor euskal mundu ahalik eta askotarikoenean arakatzea.

Sautrela-n geratu da islatuta Hasierrek egungo literaturari egiten zion jarraipena, eta ez Euskal Herrikoari bakarrik. Gauza da pantailatik kanpora ere gomendio emailea zela bera, zirt-zartekoa, entusiasmoa transmititzen zuena —baita dezepzioa ere— eta deskubrimenduak partekatu zalea. Horrela, adibidez, Marie Darrieussecq idazle baionesa topatu zuenekoa, Truismes (1996) best-sellerraren egilea. Egia esan, Frantzia aldera asko begiratzen zuen Hasierrek, izan literaturan, telebistan nahiz beste arlo batzutan.

Sibarita zen, baina ez bakarrik jan-edanetan; arte plastikoetan, beste horrenbeste. Ez daukat ahazteko ETBko Bertatik Bertara saiorako grabatu zuen saila, hemengo artista puntakoenen tailerretan.

Performancerako bazeukan sena eta gustua, bere azken agurraren diseinuan erakutsi bezala. Izan ere, bere bizitza izan den ertz askotako obra hori azken unera arte aritu da zizelkatzen, temoso; amorruz bezainbat, maitasunez.

2017-04-04

Elixabete Garmendia Lasa

Berria

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio