Berria
Telefono bidezko beste jazarpen kasu bat. Oraingoan deiak jaiegunetan eta gauez izaten ziren, gauerdia baino lehen. Hasieran, telefonoak jo eta isiltasuna bestaldean hainbat segundotan. Hurrengo batean, hitz egiten hasi zen: «Zu halako zara, irakaslea». Mehatxuak. Hitz obszenoak.
Hortik aurrera, bide luze eta katramilatsua irakaslearentzat: Ertzaintzaren komisarian, ez daukatela ezer egiterik: joateko epaitegira. Ikastetxeko arduradunek: joateko poliziarengana salaketa jartzera. Inork hartzen ez ardura bere gain. Azkenean, eta irakasleak bere aldetik egin behar izan duen prozesuaren ondoren, gurasoen barkamen eskearekin bukatu da afera. «Umeen kontuak» direla uste dute gurasoek. Ikasle mehatxatzaileak dio «txantxetan, dibertitzeko» egiten duela hori.
Emakumezkoa da irakaslea eta mutila deitzailea. Jazarpena irakaslea den aldetik jaso du… eta emakumea izateagatik. Kasuak geroz eta gehiago dira. Bati autoan arrastoak egin dizkiote. Beste batek ikastetxez aldatu behar izan du lesbiana izateagatik jasaten ari zen jazarpenarengatik… Isilik gordetzen diren gertaerak dira. Irakaslea bere bakardadean uzten dutenak.
Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak badauka protokolo bat: «Ikastetxe publikoetako langileenganako eraso kasuetan jarduteko gida» (2007), horrelako gertaeren aurrean nola jokatu eta zer egin erakusten duena. Hor zehazten da erasoak izan daitezkeela segurtasunaren, askatasunaren, ohorearen eta ondarearen aurkako delitu eta faltak. Delitu eta falta horien kontrako prozedura hasteko, bide arin eta erosoena polizia bulegoan salaketa jartzea dela esaten du. Eta, edozein kasutan, diziplina espedientea ireki ahal izango zaiola jazarleari.
Badirudi gaur dakargun jazarpen kasua sartzen dela edo askatasunaren kontrako delitu eta faltetan (mehatxuak) edota ohorearen aurkakoetan (irainak eta laidoak). Hortaz, nolatan ez zuten Ertzaintzaren komisarian kontuan hartu irakaslearen eskaera? Nolatan ikastetxeko arduradunek ez dute martxan jarri protokolo hori? Agian, telefono bidezko jazarpena aipatzen ez delako gida horretan?
Gidak hauxe dio sarreran, bere izateko arrazoia azaltzeko: «Azken urteotan, herrialde industrializatu guztietan, indarkeria-ekintzak areagotu egin dira ikastetxean bertan profesionalen aurka ikasleen aldetik, ikasleen senitartekoen eta lagunen aldetik eta ikastetxearekin lotura zuzenik ez duen kanpoko jendearen aldetik».
2007koa da sarrera hori. Hamar urte geroago, ez dakigu zenbat kasu dauden, baina irakaskuntza publikoan —bereziki bigarren mailakoan— ari den edonork esango dizu giroa asko gaiztotu dela azken urteotan.
1990eko hamarkadaren bukaeran hasi ziren gai honi buruzko azterketak egiten Finlandian eta Erresuma Batuan. Gaur egun, irakasleen aurkako bullying-a gorantz doan fenomeno unibertsaltzat jotzen da.
Jazarpen mota guztiak hartzen dira kontuan, eta azkenaldian, teknologia berrien eta sare sozialen orokortzearekin batera, ziber-bullying-a etorri da lehen planora. Generoaren aldetik, emakumezkoak dira gehienbat biktimak, ez herrialde guztietan baina bai gehienetan.
Irlandan egin du arazo honi buruzko azterketa Lynda Garrett ikerlariak. Ikasleen bullying-aren biktima izan diren irakasleak babesik gabe geratuko direla dio, fenomenoa publikoki onartzen ez den bitartean. Ikasleek eraso izanaren estigma gurpil zoro bilakatzen dela biktimarentzat; batetik, lotsa ematen diolako lankideei-eta gertatu zaiona kontatzeak. Bestetik, diskurtso nagusiak iradokitzen duelako irakasle konpetenteek ez dutela arazorik izan behar klasea kontrolatzeko. Garretten arabera, jazarpena jasan dutela aitortzen duten irakasleak ostrazismora kondenatuak gelditzen dira, beraien zaurgarritasuna agerian utzi dutelako. Eta horrela, modu sibilinoan izanda ere, irakaslearen teilatuan geratzen da errua. «Biktima, biktimario bihurtuta», dio, ataka honetatik pasatu den irakasle batek.