Eskultura jarriko duten lekua prestatzen ari dira. Argazkia: Inaxio Esnaola
Toka izeneko eskultura jarriko dute Aieten, Etxadi inguruan, Manuel Matxainen omenez. Joxean Diez de Quevedo ‘Jadiku’ arduratu da eskultura egiteaz. Bertsolari eta toka jokalaria izan zen Matxain, auzoan oso ezaguna. Hain justu, 2016ko urrian ehun urte bete ziren Matxain jaio zenetik, eta Aietekoek hainbat jarduera antolatu zituzten haren oroimenez. Horrela, iazko urriaren 12an egindako omenaldian, Matxainen familiari oparitu zioten eskultura bat, eta berdina izango da orain kalean jarriko dutena, baina tamaina handiagoan.
Aurten ere urriaren 12an izango dute gogoan Matxain, bere urtebetetze egunaren bezperan. Kultur eta kirol jarduerak egingo dituzte auzoko kideek, tartean, Uliako Gimnastikak antolatutako krosa, 10:30ean. Hain zuzen, Matxainen moduan, Gimnastikak ere 100 urteak beteak ditu, eta Matxain bertan ibilitakoa zen, kirolari fina baitzen. Aiete inguruan izango da lasterketa, eta Etxadiko kiroldegian izango ditu irteera eta helmuga.
Gurutziaga Abesbatzak, Gero Axular dantza taldeak eta bertsolariek ere parte hartuko dute omenaldian, iaz egin zuten moduan. Eneko Goia alkatea ere joatekoa da Aietera, eta hitza hartuko du. Denen artean, argi utziko dute auzotar maitea dela Matxain.
Estitxu Zabala
HITZA