Zhivago doktorea (errusieraz Доктор Живаго, Doktor Zhivago) Boris Pasternakek idatzitako eleberri bat da, 1957an argitaratua. Hurrengo urtean egileak Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Eleberriak bere protagonistaren izena hartzen du, Yuri Zhivago, mediku eta olerkari idealista bat. Zhivago hitzak «bizitza» (жизнь) esan nahi duen errusierazko hitzaren erro bera du, eta hau da, hain zuzen ere, liburuko gairik garrantzitsuenetako bat. Bi emakumeren artean banatuta dagoen gizon baten istorioari buruzkoa da, 1917ko iraultzan eta honen ondoren etorri zen 1918tik 1920rarteko gerra zibilean girotua. Modu sakonagoan, eleberriak gizon baten sufrimendua erakusten du beti ezagutu izan duen bizitza bere kontroletik kanpo dauden indarrek eraldatzen dutenean. Liburua zinera egokitu zen 1965ean, David Leanek eginiko film baten eskutik. Zenbait aldiz telebistarako ere egokitu da.
Idazketa eta argiratatzea
Eleberriak 1910 eta 1920ko hamarkadetan idatziak izan ziren gertakariak dituen arren, Boris Pasternakek ez zuen eleberria 1956 arte amaitu. Orduan, argitaratzera bidali zuen Novy mir izeneko egunkarira, arrazoi politikoengatik arbuiatu zuena: egilea, bere laneko protagonista bezala, norbanakoen ongizateagatik arduratuago zegoen gizartearenagatik baino, eta sobietar zentsoreek gertakari batzuen atzean ikuspuntu antimarxistak zeudela interpretatu zuten. Eleberrian, estalinismoaren preso eremuei buruzko aipamen inplizituak zeuden.
1957an, Giangiacomo Feltrinelli editoreak eleberria kontrabandoan atera ahal izan zuen Sobietar Batasunetik, eta Milanen, lanaren bi edizio argitaratu zituen: jatorrizkoa errusieraz eta italierarako bere itzulpena. Hurrengo urtean eleberria ingelesez idatzia agertu zen, eta jarraian beste hamazortzi hizkuntza ezberdinetara itzuli zen. Eleberri honen nazioarteko arrakasta izan zen, neurri handi batean, bere egileak hurrengo urtean Literaturako Nobel Saria irabazi izanaren arrazoia.