Goiz osoan giroa bero izan den arren, kartzelako gaiak sortu du hunkidura gehien goizeko saioan. «Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak» izan da bertsolariei eman dieten gaia.
Igor Elortza izan da abesten aurrena. Gaixo baten rolean jarri da, eta ezin hobeto azaldu du diagnostikoa jaso ondoren gaixoa etxera datorrenean sor daitekeen ezinegona. Hitz egin nahi eta ezina. Hau izan du azken bertsoa: «Nahiz ta bakoitzak bere baitara / badaukan nahiko esamez / isili-isilik jezarri gara / elkarri dena esanez».
Aitor Sarriegi, bigarren, ikastolako irakasle gelara sartu da. Gazteleraz sarri egiten ei duten irakasleei kontu hartzen aritua sartu denean, denak isilik. «Eta nolakoa izango da /gure etorkizuna / haurrei eskatu ezkero / geuk egiten ez duguna». Ordurarte goizeko txalo zaparrada handiena hortxe-hortxe.
Maialen Lujanbiok gainditu du aurreko zalaparta. Heroinak harrapatuta handiak egin eta etxetik alde egitera iritsi zen baten rola hartu du. Deskribapen gaitasunarekin, gabon gaueko afarian ikusi dute beren burua entzuleek. Honela amaitu ditu hiru bertso mamitsuak: «barkamen eta azalpen beharrik / ez daukazue nerekin / ta neri ere mesedez utzi / isilik geratu nadin».
Carles Puigdemonten larruan sartu da Unai Agirre: «sartu naiz eta gelditu dira / danak mutu gorri-gorri / hortan sainale etzaizkigula / negoziatzera etorri», amaitu du bigarren bertsoa. Kataluniarekiko elkartasun oihuak sortu ditu horrek BECen.
Gaztelumendi gurasoekin Marokotik etorrikotako haur baten gorpuan jarri da: «Isilik dagoen horrek / dena esaten du sarri» amaitu du lehen bertsoa, eta honela hirugarrena: «jar gaitezen aurrez aurre / eta hitz egin dezagun».
Sustrai Colina, berriz, aita hil zaion baten gorpuan jarri da. Koadrilakoen asteroko afarira joan da: «baina begira dauzkat hilotza / neu izango banintz eran / eztaukat garbi irribar egin / edo sanmigel bat edan / ez haiek aupa Sustrai esan ta / ala besarkada eman», amaitu du bigarren bertsoa.Eta honela errematatu du lana: «Baina dolua erakusten du / bakoitzak bere modura».
Amets Arzallus Parisko atentatuen biharamunean, mairu izate hutsagatik susmagarri denaren rolean jarri da: «poliziak baletoz maiz / ohi duten gisan / babestu nazazue / sotoko gerizan / poliziak baletoz maiz / ohi duten gisan / esan zaiezue ni / enaizela izan».
Lujanbiok jarritako egoera berberean jarri du entzulea Mendiluzek ere: gabon gaueko afarira joan da, zazpi urtean joan gabe egon ostean. Bigarren bertsoa honela amaitu du: «Haserretu ta lehenago / urrundu nintzen zeharo / ez itzultzeko gehiago / gero errudun sentitzeraino / sentitu ez banintz nahiago / nork du errua zertan galdetu / zuen begietan dago». Amaierarekin irabazi du entzulea: «ez, ez kezkatu segi hizketan / ez bainator geratzera / amari musu emango diot / eta banoa etxera».
Hasieratik indartsu
Gogotsu hasi dira bertsolariak, agurretatik bertatik entzuleak hunkituz. Azpimarratzekoa Lujanbiok bertsolaritzari buruz bota duen esaldia: «Gure buruaren kontra / gure munduaren alde».
Bertsozalea gogoz zen, eta txaloa erraz. Baina merezi gabekorik ez da izan. Gogotsu etorri dira bertsolariak ere, eta ezagun zuten. Zortziko handiko eta zortziko txikiko saioak oso txalotuak izan dira. Puntu erantzunetan eta hamarreko txikian apur bat epeldu da giroa, baina ariketa guztietan entzun dira argudio onak. Orokorrean, denek albokoari entzun eta erantzun egin diote temako ariketetan.
Esate baterako, Lujanbiok eta Agirrek entzuleak poltsikoratu dituzte zortziko handian, publizitatearen aurrean jarrera ezberdina duten bi kirolariren rolean. Hala amaitu du bertso bat Lujanbiok: «Futbolarioi ez digute ta / pentsatzearren ordaintzen». Eta Agirrek publikoarekin bat egin du: «Sagarduana igual eingo det / Unaik eskatu ezkero».
Hamarreko txikian ondo ezagutzen duten toki batean jarri dituzte Colina eta Arzallus: musikariak dira eta musutruk jotzeko eskatu diete herrian, berriz ere. Hala esan du Colinak: «Baflea jartzen duna / entzun dadin ozen / hoiek ez dira inoiz / debalde etortzen». Eta Arzallusek: «Nahiz herri ta musika / zaigun bai gustatzen / gu beti debalde ta / horiek kobratzen».
Oihana Elduaien Uranga
Berria