Inguruak ere eragiten du

Konfiantzaren Pedagogia oinarri hartuta, eskola eta espazioen diseinuan arkitekturak duen garrantzia erakutsi nahi dute. Axular Lizeoa eraldaketa prozesuan dagoen ikastoletako bat da.

Axular Lizeoko Haur Hezkuntzako Arantxa Azpiroz eta Alex Sainz arkitektoa, teknologia gelan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Arrasateko Arizmendi ikastolak sustatuta, Arkitektura Haur Hezkuntzan. Konfiantzaren Pedagogia liburua argitaratu dute Aitor Axpe arkitektoak eta Rafael Cristobal hezkuntzan adituak. Helburua da Konfiantzaren Pedagogia oinarri hartuta, eskola eta espazioen diseinuan arkitekturak egiten duen ekarpena erakustea.
Zenbait adituren ustez, ezinbestekoa da eraldaketa pedagogikoa gertatzea. Izan ere, eskolaren planteamendu tradizionalak ez die egungo gizartearen beharrei erantzuten. Gainera, pertsonaren psikologiak, zirrarek, burmuinaren funtzionamenduari buruzko datuek erakusten dute badagoela ikasi eta irakasteko beste era bat.
«Pertsona jaiotzen den unetik hainbat gaitasunekin dator mundura, eta testuinguruak laguntzen dion neurrian, gaitasun horiek aurkitzen, eguneratzen eta garatzen joango da», dio Axpek. «Haurrek eta gazteek euren buruarengan, besteengan eta euren inguruan segurtasuna duten heinean, garatuko dituzte beren gaitasunak, eta ikasteko prozesua egokia, atsegina eta arrakastatsua izango da».
Testuinguruaren baldintzak ere ezinbestekotzat jotzen ditu pedagogia honek. Besteak beste, eskatzen du espazioa kontuan izatea. Hori bai, planteamendu arkitektonikoak planteamendu pedagogikoari erantzun behar dio, eta ez alderantziz.
Axular Lizeoa ikastolak urteak daramatza aldaketekin: adimen emozionala, ikaskuntza kooperatiboa, teknologia berriak… alor ugari lantzen ari dira. «Pedagogia honetan funtsezkoena da helduok haurrarekiko dugun begirada, nola ikusten dugun: gaitasunez betea, hutsik, beldurtuta…», azaldu du Haur Hezkuntzako koordinatzaile Arantxa Azpirozek.
Horrekin lotuta, ikaskuntza kooperatiboaren garrantzia azpimarratu du: «Sormena, esperimentazioa, manipulazioa… horrekin guztiarekin sortzen dira ikasle aktiboak». Gaitasun horiek lantzeko, adibidez, teknologia berriak tresna oso erabilgarriak iruditzen zaizkie Axular Lizeokoei. Haur Hezkuntzan, zehazki, astero erabiltzen dituzte tabletak, aplikazio pedagogiko batzuen bidez, haurren gaitasunak garatzeko: «Etekin handia ateratzen diegu».
Azpirozen arabera, liburuaren argitalpenak bultzada eman die egiten aritu diren lan horri: «Balio izan digu egiten ari ginen aldaketak azpimarratzeko, kohesio bat emateko eta gure marko orokor bat sortzeko. Azken finean, konfiantzaren pedagogia filosofia bat da, baina eskola bakoitzak egin behar du bere proiektua, ikasleak, familiak, ingurua… kontuan hartuta».
Aldaketa horien ondorioz, esan bezala, beharrezkoa da espazioa ere egokitzea. Axular Lizeoko guraso den Alex Sainz arkitektoa ari da horretan lanean: «Konfiantzaren Pedagogia lotuta dago arkitekturarekin erabat. Liburuak argi uzten du ez dela eraikin berri bat egin behar, baizik eta espazioak birmoldatu eta egokitu». Gune zabalagoak, erakargarriak, interakzioa sustatzeko aproposak, jarduera desberdinetarako pentsatutakoak… «Modu horretan, haurrari bere gaitasunak garatzeko aukerak emango dizkiogu».
Espazio anitzagoak
Axular Lizeoan pedagogia berria txertatzen ari dira gutxinaka, eta arkitektonikoki ere egin dituzte hainbat aldaketa, baina hasiera besterik ez dela diote. Esaterako, 2 eta 3 urteko umeen gelak banatzen zituen pareta bota eta espazio zabal bakar bat sortu dute. «Askoz handiagoa da, mugimendua bideratzen du; ordura arte, andereño bakarra zegoen, eta orain, haurrek, bi erreferente dituzte; talde handian harremanak sendotzea errazagoa da eta esplorazioa bultzatzen du…. Gainera, espazio handi horretan, espazio txiki gehiago sor daitezke irakurtzeko, jolasteko, irakurtzeko: adibidez, esperimentaziorako txokoa, liburutegia edo mugimendurako gunea», adierazi du Sainzek.
Ikastolan argi dute ikaskuntza prozesuko protagonistak haurrak direla, eta hezitzaileen lana euren garapenean laguntzea dela: «Gu beraien bidelagun izango gara. Haurrak gaitasunekin jaiotzen dira, eta guk egiten duguna da gaitasun horiek garatzen lagundu».
Arkitektura Haur Hezkuntzan. Konfiantzaren Pedagogia liburuak 0-6 urte bitarteko umeei arreta jartzen badie ere, helburua da filosofia hau beste mailetara ere zabaltzea. Axular Lizeoan, esaterako, saiakerak egiten ari dira Lehen Hezkuntzan ere bai.
Nork: Lide Ferreira

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio