Ekainean hasi nahi dute obra

Nork: Estitxu Zabala (hitza)
Bi urte eta erdi dira udala lanean hasi zenetik Aietek bere anbulatorioa izateko; tartean hainbat aldaketa egon dira, baina lanak aurten egingo dituztela ziurtatu dute agintariek.

Bi urte eta erdi igaro dira Aieten anbulatorio bat izango zutela ziurtatu zutenetik, baina oraindik proiektu bat izaten jarraitzen du. Urtarrileko udalbatzarrean EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, hain juxtu, Aieteko eta Parte Zaharreko anbulatorioen egoeraren berri eskatzeko. Eneko Goia alkateak erantzun zuen proiektuak atzeratu zirela bidean izandako aldaketengatik, eta itxaronaldiak mereziko duela. Ondoren, aste honetan bertan, alkateak baieztatu du aurten hasiko direla Aieteko osasun etxe berria eraikitzen. Alkatearen hitzetan, Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman dio Hiri Antolaketarako Plan Bereziaren aldaketari, proiektuak hartuko duen lur eremua erabili ahal izateko.
Udaleko iturriek azaldu digutenez, Osakidetzak egindako eskaerak eragin du aldaketa. Hasieran aurreikusitakoak baino zerbitzu gehiago emango baititu, eta eraikina handiagoa izango da: «Osasun-etxeaz gain, buruko gaitzak tratatzeko zentroa kokatu nahi du». Udal gobernuak dio legegintzaldi hasieran helburutzat zuen gaietako bat izan dela: «Aurreko legegintzaldian udalak erabaki zuen non egingo zen eraikina, auzotarrekin batera. Lur saila udalarena izan arren, ez zegoen lur-sailen erregistroan, eta sartu egin genuen legegintzaldi hasieran».

Udalak azaldu du, ondoren, lanean hasi zela lurrak uzteko Eusko Jaurlaritzari, zehazki, Osakidetzari: «Udalak luze lan egin behar izan du forma juridiko zuzena topatzeko». Ondoren, Hiri Antolaketarako Plan Berezia egin behar izan du Udalak: «Duela urtebete egin genuen hasierako onarpena, eta, maiatza inguruan, behin betiko onarpena. Ondoren, Osakidetza lur-sailerako proiektua lantzen hasi zen, baina metro kopurua ez zen nahikoa Osakidetzak bertan eman nahi dituen zerbitzuak emateko».
Edonola, udalaren esanetan, bitarte honetan Osakidetzak lanean jarraitu du: «Urtarrilean bertan aurkeztu du proiektua, eta obrak adjudikatzeari ekin dio. Hortaz, ondo bidean, hiru hilabete barru, gutxi gorabehera, plan bereziaren aldaketaren behin betiko onarpena eta obraren adijudikazioa egingo da. Aurreikuspena da ekainean obra egiten hastea».

Auzoa, borrokan
Bien bitartean, Aieteko bizilagunek Antiguako eta Amarako mediku kontsultetara joaten jarraitzen dute. Lantxabe auzo elkarteko Felix Perezekin hitz egin dugu, eta gaiarekin nekatuak dauden arren, esperantza ez dutela galdu sendo dio: «Bizilagunek jasotzen dugun informazioa iristen zaigu komunikabideetatik eta udaletik. Azken berria izan da obraren hasiera hiru hilabete atzeratu dutela, hasieran esandakoa baino handiagoa izango delako, baina ez dugu daten berri. Datorren astean elkartzekoak gara arduradunekin, eta informazio zehatzagoa izango dugu». Edonola, borrokatzeko gogoz jarraitzen dute Aieten: «Ilusioa ez dugu galdu, esaten dute hori dela edozein aldaketen aurrean behar dena. Orain zaku berean sartu dituzte Aietekoa eta Parte Zaharrekoa, baina biak dira beharrezkoak eta bakoitzak bere bidea egin beharko du. Aietekoa mahai gainean dute, eta behar berrietara egokitu beharko dute».

Perezek dio lan taldean eskatu zutela sarrera eta irteera bi aldeetatik, Aiete pasealekutik, eta Pio Barojatik. Hasieran ezetz esan zietela, baina orain baiezkoa eman omen dute: «Guk errepikatzen jarraituko dugu udalari eta Osakidetzari konpromisoa bete dezatela. Udala konbentzitua ikusten dugu, baina Osakidetzak ea zer dioen datorren astean». Auzoan asko galdetzen dutela dio Perezek: «Nahastu egiten dituzte protestatzen duena eta eskumena duena. Adineko jende asko dago osasun arloa eskura izan nahiko lukeena, eta anbulatorioa noiz egingo dugun galdetzen digute».

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio