Gorka Miranda: “Eason mutil bat dago bi neskako, eta asko da hori”

2018-07-24, Donostia. Gorka Miranda, Easo Eskolaniako zuzendaria, abesbatzak 25 urteurrena ospatzen du.
24-07-2018, San sebastián. Gorka Miranda, director Easo Eskolania, 25 aniversario del coro
2018, uztailak 27 Albisteak

Eider Goenaga Lizaso

Gorka Mirandak (Pasaia, 1975) hamazazpi urte daramatza Easo Eskolania zuzentzen eta mutikoekin lan egiten. Hark dioenez, askotan errazagoa egiten zaio neska-mutikoekin lan egitea helduekin lan egitea baino. Buru-belarri ari dira Musika Hamabostaldian eskainiko dituzten bi emanaldiak prestatzen, baina tarte bat hartu du eskolaniaren 25 urteko ibilbideaz hitz egiteko.

Easo Eskolaniak 25 urte bete ditu. Zer testuingurutan eta zergatik sortu zen eskolania?

Harrobi moduan sortu zen eskolania. Zoritxarrez, gero eta mutil gutxiago daude abesbatzen munduan; mutil ahotsak falta dira, eta eskolania bat sortzea pentsatu genuen hutsune hori betetzeko.

Zergatik dago mutil gutxiago?

Bueno, hor badaude arrazoi soziokulturalak, agian ez zaiela mundu hau erakargarri egiten-edo; baina, batez ere, badago arrazoi fisiologiko bat. Izan ere, adinarekin, mutilen ahotsa izugarri aldatzen da. Hain handia da aldaketa, ezin baitute abesten jarraitu. Gainera, gero eta goizago gertatzen da aldaketa, eta zailtasunak daude mutil ahotsak lortzeko; beraz, hutsune hori bete nahi du eskolaniak. Musikologiari erreparatuta, berriz, mutilen ahotsentzako idatzi izan da erlijio musika ia guztia eta antzinako musikaren zati handi bat, bai mutiko eta bai gizonentzat. Eta horrek ematen zuen aukera bat, musikologikoki, lanketa berezi bat egiteko eta errepertorio zabal hori garai hartan egiten zen bezala egiteko.

Esan duzue eskolania sortzea inflexio puntu bat izan zela Easo abesbatzarentzat. Zergatik?

Iraultza txiki bat eragin zuen eskolaniaren sorrerak. Izan ere, eskolania hasi bezain pronto, beste koru batzuk ere jarri ziren martxan: Kapera Gregorianista, nesken hiru koruak —Araoz Gaztetxo, Araoz Gazte eta Araoz—, 7 eta 10 urte arteko haurren Easo Txiki abesbatza… Inflexio puntua izan zen, dudarik gabe.

Eskolania 17 urte arteko mutikoentzat da, berez. Ahotsa lehenago aldatzen bazaie…

17 urtetan dago muga, baina zientzia fikzioa da hori. Une honetan, badago 15 urteko mutikoren bat, baina, normalki, lehenago aldatzen zaie ahotsa. Eta gehienei orduan amaitzen zaie ibilbidea; gutxi batzuk dira koruan jarraitzeko moduko ahotsa dutenak, eta horiek ere ia zerotik hasi behar izaten dute ahots berri hori lantzen. Beraz, motza da mutikoen ibilbidea, 7-8 urtetik 13-14 urtera artekoa.

Nola egiten duzue lan mutiko horiekin?

10-11 urte betetzen dituztenean, bai ezagutza arloan, bai dinamika arloan, bai konpetentziari dagokionean, maila ona lortzen dute, baina justu orduan hasten zaizkie aldaketa fisiologikoak; beraz, konpetentzietan gora egin ahala, instrumentua —alegia, ahotsa— huts egiten hasten zaie. Nesken kasuan ere izaten da ahots aldaketa, baina linealagoa da, ez hain bortitza. Horregatik, inportantea da mutilekin lanketa berezi bat egitea. Ahotsa aldatzen zaienean, ikasitako guztiak ezertarako balioko ez balie bezala sentitzen dira; frustrazio handia eragin lezake horrek, eta bide horretan laguntzen saiatzen gara, frustrazio hori konpentsatzen, etorriko den horretarako prestatzen…

Zenbat mutikok osatzen dute eskolania?

30 bat mutiko daude orain, baina aldakorra da kopurua. Easoko neska-mutikoak 147 dira orain [Easo Txiki kontuan hartuta], eta, batez beste, mutil bat izaten da bi neskako. Gutxi dirudi, baina asko da; beste koru batzuekin alderatuta, portzentaje altua da.

Eskolaniaren errepertorio propioaz gain, neska-mutilek elkarrekin ere abesten dute, ezta?

Bai, bakoitzak bere aldetik egiten ditu entseguak-eta, baina kontzertuak eta emanaldiak maiz egiten ditugu elkarrekin. Kontua da badaudela mutiko ahotsekin egiteko obra batzuk, neska ahotsekin egiteko dauden modu berean, eta bereizita egiten ditugu horiek.

Bereizketa hori egiteak sortu dizue arazorik inoiz?

Bueno, galdetu izan digute zergatik dugun soilik mutilena den koru bat, eta askotan eman behar izaten ditugu azalpenak; uste dut ulertzen dela. Inoiz eskatu izan digute neska eta mutil kopuru bera eramatea, badakizu, kuoten kontua dela-eta, baina hori ezin dugu egin, neska pila bat kanpoan utziko genituzkeelako. Gizarteko beste arlo gehienetan gertatzen denaren kontrara, koruen munduan mutilak daude gutxiengoan; gurean, kontrakoa da berdintasunaren borroka.

Easo Eskolaniak ibilbide oparoa egin al du 25 urtean?

Oso gauza inportanteak egin ditu koru honek; musikalki oso lan sendoak egin ditugu, diskoak grabatu, munduko musikari handiekin abestu, nazioartean emanaldiak egin… Asko mugitzen gara, eta 25 urteotan ibilbide artistiko garrantzitsua egin dugu. Ahots ezberdinak daude, helduen abesbatzetan bezala, eta askotan eskatu izan dizkigute bakarlari gisa jardungo duten mutikoak. Orain lau urte, gure ikasle batek 45.000 lagunen aurrean kantatu zuen, futbol zelai batean.

Bi emanaldi egingo dituzue Musika Hamabostaldian.

Hala da, bai; neskak eta mutilak elkarrekin, bietan. Lehena, Itsasotik eskolara: abuztuaren 21ean, Viktoria Eugenia antzokian. Bigarrena, Amoria. Abuztuaren 29an izango da, Kursaalean, hainbat musikari handirekin. Euskal musikari eskainitako omenaldia da Amoria; Antxieta, Sarasate, Ravel, Guridi, Aita Donostia, Iglesias eta abarren obrak biltzen ditu lan horrek.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio