Aiete pasealekuko zati bat. Bidegorria errepidearen ezkerraldean egingo dute. (Argazkia: Lantxabe)
Duela 12 urte hasi ziren Aieteko bizilagunak auzoan bidegorria jartzeko proiektua lantzen eta Lantxabe auzo elkarteak jakinarazi duenez, hilabete honetarako aurreikusten da proiektuaren zati baten onarpena Tokiko Gobernu Batzordean.
Auzo elkarteak azaldu duenez, proiektuak bi fase ditu, eta 600.000 euroko aurrekontua du. Horietako baten onarpena da hilabete honetarako aurreikusten dena. Lehen fase honek, Aiete pasealekuan eragingo ditu aldaketak, eta nabarmenena, Pio Baroja gainetik zeharkatzen duen zubia eta Jesuitinas ikastetxeko biribilgunea elkartuko dituen bidegorria izango da. Bidegorriak 850 metro inguru izango ditu eta galtzadaren eskuinaldean egongo da, Hernanirako norantzan.
Bidegorriaren eraikuntzaz gain, proiektuak zirkulazioa hobetzeko hainbat neurri ere barnebiltzen ditu. Alde batetik, Aiete pasealekuaren hainbat zati 30 gunea izendatuko dira eta hainbat oinezkoen pasabide igo egingo dira, espaloiaren altuera berdinean egoteko. Bestetik, autobus geltokiak errepidera aldatuko dira, zirkulazioa mantsotu eta espaloiak zabaltzeko asmoz. Bidegorriaren eraikuntzak, Jolastokitik hasi eta Aieteko parkearen eskuinaldetik egingo duen zatian autoen aparkalekuak kentzea eragingo du, baina aparkaleku horiek Aiete pasealekuaren paraleloa den kalean, Mendialai kalean hain zuzen, kokatuko dituzte.
Lantxabe auzo elkarteko Perezek adierazi duenez, “pozik” daude proiektuaren onarpena gertu dagoelako, eta honakoa azpimarratu du: “Aieteko bizilagunek urteak daramatzagu proiektu honen inguruan lanean eta oso pozgarria da gauzatzen ari dela ikustea”. Proiektuaren bigarren zatiak, Jesuitinas ikastetxeko rotonda eta Deutsche Schule ikastetxearen artean dagoen zatia bidegorri batez elkartuko ditu etorkizun batean, baina hala ere, proiektuak bidegorriaren hirugarren zati izan behar duela uste dute auzotarrek, Pio Baroja zeharkatzen duen zubitik La Cumbreraino iritsiko dena, hain zuzen.
Aietekoak azaldu duenez, bidegorriaren proiektua estuki lotuta dago Morlans eta Aiete elkartzeko igogailuen lanekin, izan ere, Perezek baieztatu duenez, “Aieteko bizilagunek erdialdera bizikletaz duten irisgarritasuna hobetzea izan da gure helburu nagusietako bat beti”.
Irati Salsamendi