Nork: Inaxio Esnaola-Azaroa 30, 2018
Mikel Laboa sortzaile donostiarra 2008ko abenduaren 1ean hil zen. Urteurren bakoitzeko, haren kultur ekarpena azpimarratu ohi da. Kantagintzan hiru adar jorratu zituen bere ibilbidean. Era berean, Donostiako hiru auzotan egin zuen bere bizitza herritar arrunt gisara.
Egunak badoazi egunen ondotik, ez dira elgar iduri joaiten argatik, … Hamar urte igaro dira Mikel Laboa zendu zenetik. Musikariaren bizitza eta ondarea nabarmendu dute haren omenezko egitasmo zein oroigarriekin. Bihar, abenduak 1, bere izena jarriko diote Antiguako Gorgatxo plazari. Frontoiaren aurrean dagoen leku ospela da, urteetan auzoko familia askoren topagunea. Laboak Antiguan eman zuen bere bizitzaren zati garrantzitsuena. Ordea, Parte Zaharrean jaio zen, eta ezkondu zenetik Aieten bizi izan zen. Marisol Bastida emaztea han bizi da oraindik. Hiru auzotan utzi zuen arrastoa, eta bizitza gehiago egin zuen batzuetan besteetan baino. Laboaren ekarpen pertsonalaren eta artistikoaren zati bat jasoko dugu datozen lerroetan.
Parte Zaharreko San Joan kaleko 15. zenbakian jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean. Feliciano Laboa eta Estefania Manzisidor gurasoak Pasai Donibanekoak ziren. Aita EAJko zinegotzia izan zen Donostiako Udalean, eta fiskornioa jotzen zuen. Amak, berriz, Pasai Donibaneko abesbatzan kantatzen zuen. Beraz, musikarekin lotura txikitatik izan zuen Laboak. Bi urte zituenean Espainiako Gerra hasi zen, eta Donostiatik ospa egin zuen familiak. Aita Frantziara joan zen, eta ama zazpi seme-alabekin Lekeitiora joan zen. Maiz aipatzen dira Laboaren sustrai gisara, Pasai Donibane, Lekeitio eta Donostia.
Bizitzaren joan-etorrian Laboak herrialde eta hiri ugari bisitatu zituen. Batik bat ikasketengatik –medikuntza ikasi zuen, eta neuropsikiatrian espezializatu zen–, baina baita musikagintzari esker ere. Parte Zaharrera itzuli zen, baina ez zuen auzoan bizitza askorik egin. Horrela ere, Sabino Ormazabalek gogoan du denbora batez Abuztuaren 31 kaleko Ormazabal taberna zaharrera joaten zela, ostiraletan. «Maiz ikusi nuen han Marisol Bastida emaztearekin, Jose Luis Zumeta margolariarekin eta kultur munduko beste hainbat lagunekin». Horrez gain, ez du uste auzoan asko ibiltzen zenik.
Laboa hil eta bi hilabetera jarri zuten haren omenezko harrizko oroigarria, jaio zen etxean. 2009ko otsailean jarri eta 21ean inauguratu zuten omenaldi baten bidez. «Iñaki Albistur, Juanjo Perez eta hiruok izan genuen ideia. Parte Zaharrean kantuan aritzen ginen, eta Laboa oso presente genuen. Oroigarri bat merezi zuen», azaldu du Ormazabalek. Familiarekin hitz egin gabe, oroigarria jartzeko baimena eskatu zioten jaio zen etxeko jabeari. «San Bizente elizarena da eraikina, eta orduan Felix Garitano apaizarekin hitz egin genuen. Atarian ez jartzeko eskatu zigun, eta azkenik, izkin batean jarri genuen». Dirudienez Laboa jaio zen etxearen sarrera Iñigo kalean zegoela gaineratu du Ormazabalek.
Kantujirako kideek inauguratu zuten oroigarria, eta omenaldi berezi bat eskaini zioten. «Hilabeteko hirugarren larunbateko kantujirarekin bat eginez ekitaldi berezia egin genuen San Joan kalean. Laboaren emaztea eta bi arreba etorri ziren, eta arrebetako batek kendu zion estalkia oroigarriari. Jose Ignazio Ansorenak aurreskuaren bertsio berezi bat txistuarekin jo eta Aiert Beobidek dantzatu zuen», dio Ormazabalek.
Antiguako bizitza
Askok uste dute Laboa Antiguakoa dela. «Betidanik esan izan dugu gure auzokoa dela», adierazi du Arantxa San Sebastian auzotarrak. Eguneroko bizitza Antiguan egiten zuen, eta ohikoa zen Matia kalean berarekin topo egitea. San Sebastianek ere maiz ikusi zuen auzoan, eta lotura berezi bat du berarekin. «Gure izeba Mari Paz erizaina izan zen eta berarekin lan egin zuen. Horregatik, guretzako etxean betidanik Mikel izan da, eta ez Mikel Laboa. Auzoan ere gauza bera gertatzen zela esango nuke».
Antiguako auzotarrek Laboarekin izandako harremana eta testigantzak jaso ditu San Sebastianek. Horien laburpen bat eskainiko du haren omenezko plazaren inaugurazioan. Anekdota hainbaten artetik, xelebre bat nabarmendu du: «Citroen 2CV auto zahar bat zuen, eta denok genekien Mikelena zela. Matia kalean uzten zuen askotan bigarren lerroan. Orduan zabalagoa zen kalea. Autoa bertan zegoela ikusi eta autobusak ezin bazuen pasa, bagenekien norena zen. Normalean Etxeberria tabernaren ondoan aparkatzen zuen».
Matia kalean gehien ibiltzen zen denboran ez zeuden taberna asko, eta batez ere, Gaskonia plazaren inguruan zeudenetan denbora ematen zuen. «Gehien egoten zen taberna Etxeberria zen. Matia eta Erregezain kaleen arteko izkinan zegoen, egun Laboral Kutxa dagoen tokian. Arratsaldero karta jokoan aritzen ziren auzoko gizonak. Jokoan baino nahiago zuen begira egon. Sortzen zen giroa oso gustuko zuen», dio San Sebastianek. Etxeberriarekin batera, Luis eta Antzara tabernak gustuko zituen. «Gaskonia plazaren inguruan ibiltzen zen, batez ere».
Auzoan pertsona arrunta zen Laboa. «Herritar xumea eta hurbilekoa zen. Batzuontzat bere musika eta kantuak garrantzitsuak izan ziren gure nortasun ideologiko eta kulturala eraikitzeko. Baina auzotar askok ez zuten bere ibilbide artistikoa ezagutzen. Ez zuen protagonismorik hartzen ibiltzen zen lekuetan», esan du San Sebastianek. Laboaren izaera naturala berresten duen pasarte bat du sortzailearekin. «Alaba zaharrenak bi urte zituela, eliza aurreko Kutxaren sukurtsalera joan nintzen zerbaitetara. Alaba kanpoan geratu zen, eta halako batean ikusi nuen Mikelek nire alabari oinetakoak lotu zizkiola. Modu naturalean jokatu zuen».
Aieteko bizitokia
Ezkondu ondoren, Laboa eta Bastida Aieteko Munto zonaldera joan ziren bizitzera. Dena dela, auzoan ez zen horrenbeste ibiltzen, edo auzotarrek behintzat ez zuten ikusten. Joera zuen Muntotik Antiguara jaisteko. Horrela ere, Aieten bizitza egin zuela baieztatu du Felix Perez Lantxabe auzo elkarteko kideak. «Auzoan bizilagun bat gehiago zen. Zahartu ahala gehiago ikusten genuen, nahiz eta Munto inguruan bakarrik ibili».
Lagun kuadrilla bat zuen auzoan, eta Munto baserrira joaten ziren igandetan. «Hilario Urbieta psikiatrarekin eta beste hainbat lagunekin ohitura zuten baserrian hamaiketakoa egiteko. Zutik iraun zuen artean, han elkartzen ziren jan, edan eta hitz egiteko», gogoratu du Perezek. Baserrira sartzeko giltza nola lortu zuten, ordea, ez du argitzerik izan.
Osasun arazoak areagotu eta zahartu zenean, Laboa Munto inguruan ikustea ohikoago bihurtu zen. «Arratsalde askotan Munto Berri tabernan elkartzen zen hainbat lagunekin solasaldiak egiteko». Orduan izan zuen aukera Perezek Laboari proposamen bat egiteko: «Auzoan kontzertu bat eskaintzeko eskatu nion, baina ahul sentitzen zela eta, ez zuen nahi izan. Pena horrekin geratu gara. Egia esan, sasoi onean harrapatu izan bagenu, Katxola baserrian kantaldi bat egitea ederra izango zen». Donostiako hiru auzotan utzitako arrastoa nabarmendu du Perezek, Aiete ahaztu gabe. «Mikel Laboa Antiguarekin lotzen da batez ere. Parte Zaharrean jaio zen, eta urte asko Aieten bizi izan bazen ere, zahartzaroa pasa zuen auzoan».
Hutsunea eta oihartzuna
Hil zen egunean Zinema eta literatura: begiaren ajeak liburua aurkeztu zuen Harkaitz Cano idazleak, Donostian. Gogoan du egun hura: «Hotz handia egiten zuen eta aurkezpena bertan behera uzteko aukeraz hitz egin nuen argitaletxekoekin. Egun tristea izan zen eta isiltasun solemne bat zegoen kulturgileon artean».
New Yorketik itzuli berria zen, Berria egunkarirako kronikak idazten aritu ondoren. «Obama lehen aldiz hautatu zuten AEBetako presidente. Itzuli eta gutxira hil zen Laboa, eta ezin izan nuen ‘Gaberako aterbea’ kantarekin gogoratzea saihestu: Broadway eta 26. karrikaren kantoiaz». Hutsune handi baten oroitzapena du Canok. «Norbait handia eta betirako hor egongo dela uste duzuna ezkutatzen denean sortzen dena. Ezkutatu. Asko gustatzen zait euskarak ematen digun aukera hori joan direnak izendatzeko. Handi bat ezkutatu zen, eta nabarmena egin zitzaidan hura ezagutu izanaren pribilegioa eta esker ona».
Hamar urteren ondoren, Laboak utzitako hutsune handia baino handiagoa da oihartzuna, Canoren ustez. «Herri honetako kantagintzaren historia bizia zen bera, eta halaxe da orain ere. Herri txikietako anomalia zelebre bezain zoragarrietako bat da: gure klasikoak aurrez aurre ezagutu ditugu eta ardoak hartu ahal izan ditugu haiekin. Beharbada, ez dugu luxu hori merezi bezala preziatzen».
Harreman estu eta luzea izan zuen Iñaki Salvador musikariak Laboarekin. «22 urte nituen ezagutu nuenean. Hasieratik izan zen lagun eskuzabala». Maitasun handiko harremana izan zutela azpimarratu du. «Niretzako oso garrantzitsua izan zen berarekin musika eta laguntasuna konpartitzea». Beraien arteko harremanean umorea ezinbestekoa izan zela gaineratu du Salvadorrek. «Barre asko egiten genuen, eta elkarrekin ederki pasatzen genuen».
Sortzaile donostiarrak utzitako ondare kulturaletik harago, musikari gisara zuen izaera nabarmendu du Salvadorrek. «Artista zintzoa zen, bere buarekiko fidela. Leiala eta konprometitua zela ere esango nuke. Lagunartean ibiltzea gustuko zuen, nahiz eta bakarrik egotea asko estimatzen zuen. Bakardadea nahita bilatzen zuen, eta bakarlari fina zen».
Aurtengo Jazzaldian Mikel Laboa oroimenez emanaldi berezia eskaini zuen Salvadorrek Viktoria Eugenia antzokian. Uztailaren 26an izan zen, eta hainbat musikari izan zituen alboan. Laboaren kantuen moldaketa propioekin osatu zuen errepertorioa. «Bere abestiak dira, baina jazz ikuspegitik. Ziur nago Mikelek estimatuko lukeela. Berak transmititu zidan gauzetako bat izan zen norbera bere buruarekin fidela izan behar dela. Bere musika nire lengoaiara eramatea gustatuko litzaioke».
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Mikel Laboa Katedra sortu zuten 2013an. Euskal artea, folklorea eta bereziki musika, dantza eta bertsolaritza ikertzea du helburu. Mikel Laboa saria: doinua hitza, hitza doinu sariketa ere abian jarri zuten, eta Beñat Antxustegi musikari donostiarra bitan saritu dute. «Musika sortzen jarraitzeko indarra eman dit, artearen balioa gogoraraziz. Laboaren itzala gainean izateak musikalki eta poetikoki forma berritzaileak biltzeko grina handitu dit, txukun lan egiteko nahia eta gizartearen imajinario artistikoa sortzean dagoen ardura dagoela dakit orain».
Antxustegik gogoan du txikitan Laboaren musikak beldurra ematen ziola. «Gerora izan dut berak eta beste hainbatek egindako euskararen berpizkunde artistikoaren berri. Baita ere, obra zaharren gizarteratzea, modernitatea eta herrigintza». Haren hutsunea nabari dela dio, pertsonalki ezagutzeko aukera izan ez bazuen ere. «Gustura galdetuko nioke gaurko euskal gizarteari buruzko bere gogoeta».
Asko dira zendu zenetik Laboari eskaini dizkioten omenaldiak. Pasa den ekainean, Antiguako frontoia txiki utzi zuten Mikel Laboaren adaxka gazteak ikuskizunarekin. Antxustegik eta beste hainbat musikarik parte hartu zuten. Antiguan egiten dute ere Mikel Laboa bertso sariketa. Gaur egun ere, auzoak oso presente du.