Aieteko bidegorriaren proiektua osatu eta eguneratu du udalak

Donostiak Udalak Aiete eta Oriamendi pasealekuen arteko bide segurtasuna hobetzeko, trafikoa baretzeko eta bidegorria egiteko proiektua eguneratu du.

Inaxio Esnaola. Irutxuloko Hitza

Donostiak Udalak Aiete eta Oriamendi pasealekuen arteko bide segurtasuna hobetzeko, trafikoa baretzeko eta bidegorria egiteko proiektua eguneratu du. Horretarako, auzotarrek egindako proposamenak kontuan hartu dituzte, Eneko Goia alkateak adierazi duenez.

Proiektuaren eguneraketak bi aldaketa ditu, batez ere. Batetik, Aiete pasealekua eta Marañon Doktorea kalearen arteko bidegurutzea egokituko dute. Zebrabidea La Cumbre gunerantz mugituko dute, eta Aiete pasealekutik ezingo da ezkerrera jo Marañon Doktorea kalean sartzeko. Horrela, erdiko bidea kendu eta espaloia handitzea ahalbidetuko du, bidegorria espaloitik bereizita. Horrekin batera, Marañon Doktorearen bidegurutzean bidegorria eta espaloia Aiete pasealekuaren ondoan jarriko dira.

Bestetik, ospitaletara doan Oriamendi-Etxadi autobus geltokia errepidera pasako da. Ondorioz, geltokiaren bidea kenduko dute, espaloia handitu eta bidegorritik bereiztu ahal izango da.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio