Martin Luther King, Jr. Washingtonerako Martxan.
Amets bat dut jatorriz ingelesez, I have a dream, Martin Luther Kingek egindako hitzaldi ezagunenaren zati bat da. «Washingtonerako martxa, lanpostuen eta askatasunaren aldekoa» izena zuenean egin zuen, (ingelesez: March on Washington for Jobs and Freedom) 1963ko abuztuaren 28an. Esaldi horrek bere ametsa laburbiltzen du; etorkizun oparo bat non neska-mutil zuri zein beltz, berdintasunean, askatasunean eta justizian biziko ziren.
1963ko martxa elkarlanean eginiko ahalegin bat izan zen, eta bertan esku hartu zuten eskubide zibilen aldeko erakunde nagusi guztiek eta langile-mugimenduaren sektorerik progresistenak, bai eta erlijio-erakundeek ere. 200.000 eta 300.000 pertsona inguru hartu zuten parte ekitaldian. Gaur egun zenbakirik onartuena 250.000 dira, horietatik %75-%80a arraza beltzakoak. Gainerako partaideak, 60.000 inguru, zuriak izan ziren.
Martxak sei helburu ofizial zeuzkan:
-
Eskubide zibilei buruzko lege esanguratsuak.
-
Obra federalei buruzko programa erraldoi bat.
-
Enplegu betea eta bidezkoa.
-
Etxebizitza duinak.
-
Botoa emateko eskubidea.
-
Hezkuntza-sistema integratu egokia.
Dena den, helburu horien artetik, martxak ardatz nagusi gisa hartu zuen Kennedy Administrazioak Birminghameko gatazken ondoren proposaturiko eskubide zibilei buruzko legea onesteari zegokiona.