Morlanstik hiria urez hornitzen

Harresidun hirira ura eramateko arazoak zirela eta, Morlansko ubidea eraiki zuten, horrela Donostiako iturriak urez hornituz. Donostiarrek egarria pasatzen zuten garai bat izan zen XVII. mendearen hasiera.

http://www.kutxateka.eus/m/c2e120a34451303581618ac9e45dd960bfc434b907344f135a654de1b6807f47

Gaur egungo donostiarren buruhausteetan ur horniketa sartzen ez bada ere, XVII. mendearen hasieran, Donostia harresiz inguratuta zegoenean, hirian zeuden putzu urriek ez zuten edateko ur aproposa. Urgulleko iturburu txiki batzuetan eta gazteluko uharketan bakarrik zegoen edateko ura lortzeko aukera, beraz, ur beharra asetzeko arazoak izaten zituzten garaiko donostiarrek. Horregatik, Juan Ferrier iturginari Morlansko ubidea eraikitzeko enkargua emateko erabakia hartu zuten 1609an. Gaur egungo Amara auzoko Osasun Iturriaren pasealeku zaharrean kokatzen zen ubidea, eta duela urte gutxirarte oraindik haren arrastoak ikusten ziren.

Hainbat iturburutatik hartzen zuen ura ubideak, eta zuzenean eramaten zuen harresiz inguratutako eremura. Donostiarrei bizitza dezente erraztu zien asmakuntzak, hiriko atetik gertu zegoen Plaza Zaharreko iturrira ura eramaten baitzuen.

Hala ere, ez zen dena polita izan ubidearentzat, hainbat eraso eta birmoldaketa jasan behar izan zituen eta. 1658an egin zioten lehen birmoldaketa, azpian arku batzuk eraikiz, bertatik pagudako ura pasa zedin. Izan ere, ordurarte, Urumea ibaian ur-goraldiak egoten zirenean, ura ubideraino iristen zen.

Hortik aurrera, arrazoi belikoengatik egin behar izan zituzten konponketa nagusiak, 1719ko setioan, 1813ko gudan eta Lehen Karlistadan, bereziki. Izan ere, Donostiaren etsaiek sarritan hiritarren kontrako arma gisa erabiltzen zuten ubidearen suntsitzea.

XIX. mendean zehar, biztanleriaren gorakada zela eta, hirian iturri berriak egiten joan ziren, baina ubidea eta hiriko iturburuak ez ziren gai garaiko ur eskaera guztia asetzeko. Horregatik, XX. mendearen hasieran, ura Artikutzatik ekartzea erabaki zuten. Beraz, bertan bukatu zen hiru mendez donostiarren egarria asetu zuen Morlansko ubidearen historia.

Argazkia: Pascual Marin / Fototeka.

Beñat Parra

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio