Mundu mailako moto-krosa Aieten

Urteetan zehar auzoa erabat aldatu den arren, Aieteko lursailetan sorturiko moto-kros zirkuitua Munduko Txapelketako finala jasotzera iritsi zen 1960ko hamarkadan. Auzotarrak garaiko bi lasterkari onenen arteko lehiaren lekuko zuzenak izan ziren.

Donostiak azken hamarkadetan jasan duen eraldaketak bere historiaren zati asko lurperatu ditu. Horietako bat Aieteko urbanizazio prozesuaren ondorioz eraikinen azpian geratu zen moto-kros zirkuituarena da. Felix Perez auzotarrak 60ko hamarkadan erreferente bilakatu zen lasterketa gunearen historia berreskuratu du garaiko pertsonekin hitz eginda.

XX. mendeko bigarren zatian, moto-krosaren ospeak egundoko hazkundea jasan zuen Europan. Euskal Herrian, populartasun horrek Aieteko zirkuituaren sorrera ekarri zuen, gaur egun Jauregi kaleak, Sanserreka pasealekuak eta Isturin kaleak hartzen duten eremuan.

Zirkuituak 1.850 metroko luzera zuen eta Europako ospetsuenetarikoa izatera heldu zen. Hain zuzen, 1860an estatuko txapelketa antolatu zuten han lehen aldiz. Proba hartan, bi katalan izan ziren garaileak: Pedro Pi 125cc modalitatean gailendu zen bere Montesarekin eta, 250cc modalitatean, Oriol Puigek Bultaco batekin lortu zuen garaipena.

Hurrengo hiru urteetan, estatuko txapelketako zirkuitu izateaz gain, Aiete Nazioarteko Sari Nagusiaren jokaleku izan zen udaro. Horrezkero, milaka ziren proba bakoitzean Rozanes gaztelupean lasterketak ikusteko biltzen ziren zaleak.

Zirkuituaren maila eta bere inguruan sortzen zen giroa zirela eta, 500cc-ko Munduko Txapelketako antolatzaileek 1964ko finala Aieten egitea erabaki zuten. Probak berebiziko zirrara sortu zuen, nazioarteko lasterkari onenak han izango zirelako, Rolf Tibblin suediarra eta Jeff Smith ingelesa tarteko. Bi lasterkariak puntu kopuru berarekin iritsi ziren Donostiara, eta haien arteko norgehiagokak egundoko ikuskizuna eskaini zien Aieteko ikusleei. Azkenean, ingelesa suertatu zen munduko txapeldun berria.

Bost hamarkada igarota, kosta egiten da mundu mailako zirkuitu ospetsu hura egungo Aieten irudikatzea. Horregatik, bejondeiela lurperaturiko historia argazki eta idatzietan bizirik mantentzen laguntzen dutenei

2019/02/08

Iñaki Agirre

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com