Jainko txiki eta jostalari hura
Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,
jainko txiki eta jostalari hura,
milaka puntutxo margotuz zure azalean.
Atsegin ditut zure orinak.
Atsegin dut kontatzea izarrak balira bezala.
Eta izar berri bat aurkitzea egunero,
supernoba bat kausitzen duen astronomoa legez,
zure bizkarreko tokirik ezkutuenean
edo zure bularren azpian.
Zure azala neure behatzarekin ibiltzea dut gustuko,
jarraitzea planeta ezberdinen artean
sortzen diren lerro ikusezinak.
Astiro-astiro, teleskopiorik zehatzena bezala.
Zuk diozu ez zaizkizula gustatzen,
nahiago zenukeela orinik ez izan,
azal zuri lauean.
Baina zer egingo nuke nik, noraezean
dabilen itsasgizona nintzateke gau itxian.
Gogoan dut orin bat eskatu nizula
ezagutu ginen gauean.
Begiaren alboan duzun hori.
Nahikoa nuen Itaka txiki hori
nire etxea bertan eraikitzeko.
Eta zuk eskuzabal, esan zenidan:
den-denak izango dira zuretzat,
guztira zenbat ditudan asmatzen baduzu.
Orinak marraztu zizkizun jainko hura izan gura nuke,
jainko txiki eta jostalari hura.
Eta musu eman gauero zure orinei,
banan-banan eta kontu handiz,
kontu handiz, desitsats ez daitezen