Manex Mujika
Begira, kontua da kolaborazioak egiteko profil ezberdinak bilatzen ari garela… izan ere, gehienak emakumeak eta gazteak dira, eta…
– Eta… zer nahi duzue, gizon zahar bat, ezta?
Baietz erantzun zidan:
– Eta gainera, auzo periferiko batekoa.
Gustatu zitzaidan erantzuna, hiru hitzetan nire beste definizio bat eman zidalako: gizona, zaharra eta periferikoa. Hara, agian gizon eta periferiko izateari utziko diot noizbait, baina zahartzen jarraitu nahi dut. Berrogei urte inguruko lagunen arteko elkarrizketetan defendatzen dut, besteengan nabari dudan beldur eszenikoaren kontra, ezetz, dagoeneko ez naizela gaztea.
Ez naizela gaztea, oraindik astero futbolean aritu arren, hanketako minak hiru egun irauten didalako orain. Ez naizela gaztea, noizean behin parrandan irten ondoren, biharamunean kirola egitea pentsaezina egiten zaidalako. Ez naizela gaztea, ni baino zaharragoen eta ni baino gazteagoen deskontu guztiak nik ordaintzen ditudalako. Ez naizela gaztea, hogeita hiru urte nituenean baina zoriontsuagoa naizelako orain. Orduan imajinatu ere egiten ez nituen arduren gainetik, askoz libreago sentitzen naizelako. Eta uste dudalako gainera, orduan ezinezkoa iruditu arren, ideia eta ikuspegi aurreratuagoak ditudala.
Eta ez naizela gaztea, batez ere, erabaki dudalako zoriontasuna ez dela gaztetasunaren esklusiba, eta inguratuta gauzkaten irudien gainetik, badakidalako zoriontasunak ez duela fisikoarekin inolako zerikusirik. Eta ez, ez naiz gaztea, guztiaren gainetik, ikasi dudalako ondo sentitzeak gazte sentitzeak baino askoz ere gehiago betetzen nauela.
2019/03/08