Aieteko Katxola baserria Oriamendi pasealekuan, lekualdatzea baino lehenago.
Katxola baserria, Paraiso kalean, lekualdatzearen ondoren.
Aurten hogei urte bete dira Aieteko Katxola baserria lekualdatu zutenetik, eta Lantxabe auzo elkarteak udal teknikarien laguntzaz prozesuaren lehen urteen kronologia bildu du bere webgunean. 1999ko otsailaren 26an baimendu zuen Donostiako Udalak baserriaren lekualdatzea, Oriamendi pasealekutik Paraiso kalera. Hala ere, eraikinaren kontserbaziorako lehen urrats garrantzitsua 1996an izan zen: Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun gisa Monumentu izendapenaz kalifikatu zuen, eta horrela, hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen.
Monumentu gisa aitortzeko eskaera Lucia Erdoziaren ekimenez (eta Kutxaren oniritziarekin) gauzatu zuten. Erdozia Katxola baserrian jaio zen, eta berak auzotarren mila sinadura baino gehiago bildu zituen, baserria babesteko. 1999eko azaroaren 29an lekualdatzea hasi zuten, eta 2000ko abenduan amaitu zuten. Jose Gorritxo eta Muñoz Baroja arkitektoak izan ziren lekualdatzearen arduradunak, Javier Arrutik gidatutako Trati S.L. enpresaren laguntza teknikoarekin.
Katxola baserriaren lekualdatze lanak. (Argazkia: Javier Arruti)
Lehenik lekualdatzeko materialak eta gauzak aukeratu zituzten, eta ondoren, prospekzio arkeologikoa egin zuten. Ondoren, lurreko taulak eta paretak kendu zituzten, eta dolarea deslotu zuten. Balio ez zuten guztia baztertu zuten, eta ateburuetako eta leihoburuetako harriak zenbakitu zituzten; baita zutabeak eta egurrezko habeak ere. Baserriaren eskeletoa besterik ez zen gelditu. Eraikin berriaren eraikuntzan zimenduak jarri zituzten, baita jatorrizko baserriak ez zeukan soto bat eraiki ere.
2001eko apirilaren 10ean lehen erabilera baimena tramitatu zuen udalak, eta 2002ko azaroan udalak Lantxabe auzo elkarteari utzi zion Katxolaren erabilera. Kutxak proiektua amaitu gabe utzi zuen baserriarekiko zuen eskumena, eta Lantxabek ezarri zituen ur-hargunea eta instalazio elektrikoa, udal teknikarien eta San Telmo Museoaren laguntzarekin.
Katxola baserriaren lekualdatze lanak. (Argazkia: Javier Arruti)
Lantxaberen erabileraren lehen urtean Agenda XXI egitasmoaren erakusketa bat jarri zuten, eta 2003ko iraileko jaietan, 1900 eta 1980 urteen arteko Aieteko argazkiak jarri zituzten ikusgai baserrian.
Sotoan, aldiz, Miramongo parke etnografikoaren proiektuaren marrazkiak jarri zituzten.
2019/07/02
Irati Salsamendi