Sagar bilketa egingo dute Ekogunen.

Aieteko bizilagunek sagar bilketa egingo dute larunbat goizean, Kutxa-Ekogune parkean. Lantxabe auzo elkarteak deituta, Zabalegi sagastian elkartuko dira, 11:30ean, irailaren 21ean,larunbatean.

Goiz osorako programa antolatu dute. Eskularruekin eta lan egiteko gogo handiarekin bertaratzeko deialdia luzatu diete auzoko familia guztiei. Sagar bilketa egingo dute trikitilarien musikaz lagundurik, eta jasotako guztia Katxola baserrira eramango dute gero. Lana amaiturik, Lantxabe auzo elkarteak parte-hartzaile guztiei hamaiketakoa eskainiko die.

Ekitaldia laugarren urtez egingo dute aurten. Aurretik, Katxola baserrian sagardoa egiteko ohitura zuten auzotarrek, eta 2019an sagarra euren artean biltzeko ideia otu zitzaien ere. Ekogunea leku aparta iruditu zitzaien horretarako, eta eremuaren kudeatzaileen baimena jasota, ohitura berriari ekin zioten.

Bilketara urtez urte gero eta jende gehiago animatzen dela nabarmendu dute Lantxabeko kideek. Pozik daude, ekitaldiaren helburu nagusia bizilagunen elkar ezagutza eta auzoaren ohitura zaharrak eta nortasuna berreskuratzea direlako, gazteei sagardoa sortzeko prozesua erakustearekin batera.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio