Borobiletan borobilena

Milaka esku txiki danborren jabe

San Sebastian eguneko Haur Danborradak irudi bikainak utzi zituen atzo. Lehen aldiz, Easo Ederra ez zen bertan izan, baina Aitor Ikastolako ikasleak arduratu ziren udaletxeko balkoitik jaiari ongietorria emateaz.

Danbor hotsak, barre algarak, guraso eta senideei zuzenduriko agurrak, argazkietarako poseak… denetarik ikus eta entzun zitekeen atzo Alderdi Ederren Haur Danborradak eztanda egin aurretik. Inguruko etxeetako balkoietan Donostiako banderak zintzilikatuta zeuden egun handiari ongietorria emateko eta horien atzean zeuden bizilagunak ere bai, udaletxearen aurreko jardinetan ondo kokatuta zeuden haurrak danborrak astintzen noiz hasiko zain.

11.45 aldera ikastetxe bakoitzeko ikasleek tokia hartuta zeukaten dagoeneko. Irakasle eta gurasoek aginduta, udaletxeari begira jarri ziren danborrak eta barrilak gerrian ongi lotuta zituztelarik. Jantzi dotoreak zeramatzaten soinean eta asko entseatu ondoren, prest zeuden 12.00ak puntuan San Sebastian Martxa jo eta abesteko.

12.00ak izateko hamar minutu inguru falta zirenean, udaletxeko balkoira igo ziren biak ala biak. Lehenik eta behin, hirian zentraturiko diskurtso bat helarazi zieten Alderdi Ederren zeuden guztiei mikrofonotik, ozen. Donostia berdea, euskalduna, parekidea, alaia eta dibertigarria aldarrikatu zuten eta amaitzeko, danborrak astintzeko eskatu zieten lagunei: «Hauxe bai Donostia ederra! Astindu ditzagun danborrak, entzun ditzatela mundu osoan eta esan dezagun ozen: festara! Gora Donostia! Gora donostiarrak!».

Aurtengo berrikuntza gisa, bertso bat prestatu zuten udaletxeko balkoitik abesteko. Diskurtsoaren ondoren iritsi zen bertsoa botatzeko unea eta desfilean ateratzeko ikastetxeen ordena zozketa bidez aukeratzea aldarrikatu zuten, azkenaldian hainbat ikastetxe eskatzen ari diren moduan. Hainbat kantu jo ostean, kalean desfilatzera abiatu ziren guztiak eta Donostiako kaleak alaitzen jardun zuten. Euririk egin ez zuenez, haurrek zein helduek betebetean ospatu zuten San Sebastian eguna.

Sara Ibargurenen Erreportajea Diario de Noticias de Gipuzkoa

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio