Manex Mujika
Donostiarrontzat urte berria San Sebastian egunaren biharamunean hasten denez, bazkaltzeko barazki menestra bat prestatu nuen urtarrilaren 21ean. Bueno, prestatu baino, berotu egin nuela esatea zehatzagoa da, etxe azpiko dendan erositako pote berdea mikrouhin labean sartu baino ez bainuen egin.
Kontua da, geroztik nire dieta bere oreka puntura bueltatu dela, eta aurreko astean, asmo onez betetako kontserba pote hura aurkitu nuela hustutako gaileta kaxen atzean.
Hala tokatzen denez, kartoia edukiontzi urdinera eta beirazko potea berdera botatzera joan nintzen.
Klink.
Bizitzaren azken segundoan, egindako guztiak norbere aurretik igarotzen diren moduan, barazki potea beste milaren kontra txikitzen zen bitartean, haren hurrengo egunak etorri zitzaizkidan niri gogora.
Klink, klink, klink.
Eta irudikatu nuen kamioi bat edukiontziko beira guztia jasotzen, gaizki ordaindutako langile bat kristala aparteko ontzi batera bereizten, labe izugarri bat eta makina handiak, beroa eta inoiz itzaltzen ez diren ordenagailu pantailak.
Eta imajinatu nuen datorren urteko urtarrilaren 21ean erosiko dudan barazki potea aurtengoaren berdin-berdina izango dela; hori bai, berdin-berdina baina ez berbera.
Pentsatzen dut horregatik gogoratu nintzela amonak nola bidaltzen ninduen umetan etxe azpiko dendara, ardo botila hutsak bueltatzera. Niretzako uzten zizkidan «kasko» bakoitzaren truke ematen zituzten hamaika pezetak.
Txin-txin!
2020/02/21