Fase berriak

Ez dakit zuen Whatsapp-ari gauza bera gertatu zaion, baina nireak ez du, duela hiruzpalau aste bezala, bost minutuan behin mugikorra dar-dar batean jartzen. Badirudi, hala pentsa zitekeen arren, bideo, meme, gif eta antzekoen produkzioa, ez dela daukagun denbora librearekiko zuzenki proportzionala. Badago beste zerbait.

Eta, itxialdiaren kontu honek grazia dezente galdu du dagoeneko, ezta?

Esango nuke fase berri batean sartu garela, edo sartzeko beharra daukagula, behintzat. Eta beharra daukagu, guretzako eta gureentzat denbora edukitzea oso ondo dagoelako, baina denbora alperrik galtzea, bizitza alperrik galtzea bezala hartzen dugulako gehiegitan. Eta horregatik, agian, entzuten diot gero eta gehiagori, izoztuta bezala geratu den denbora honek on egingo digula jendarte moduan.

Normaltasun berri horretara iristen garenean, elkarren artean beste modu batera hitz egingo omen dugu, izango omen gara justuago, solidarioago eta geure barruari bezala, ondokoari ere benetan begiratuko omen diogu.

Nahiko nuke. Nahiko nuke, baina ez nago seguru. Eta ez nago seguru, krisi honen erdian ere, betikoak aberasten ari direla iruditzen zaidalako; eta normaltasun berri horretara, gutxi zeukatenak gutxiagorekin sartuko direlako; eta, eta nahiko nuke, baina ez nago seguru.

Hori bai, zorionez, bozketak galtzera ohitzen hasia nago azkenaldian.

2020 / 04 / 24

Manex Mujika

Irakaslea

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio