Aiete pasealekuko bidegorriaren Muntoko zatia. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Aiete pasealekuko bidegorriaren lehen zatia amaitu dute, eta Lantxabe auzo elkarteak ohar baten bitartez azaldu du “pozik” daudela lanen emaitzarekin: “Konfinamendutik atera eta oraingo Aiete pasealekua aurkitzea ezusteko atsegina izan da”, esan dute. 2019ko azaroan hasi zituzten obrak, eta Donostiako Udalak aurreikusi bezala, uda hasierarako amaitu dute Aiete eta Oriamendi pasealekuen arteko bidegorriaren lehen zatia. Era berean, auzo elkartekoak eskertuta agertu dira langileek, obra zuzendaritzak eta udal teknikariek “pandemia une zail eta gogaikarri” honetan egindako lanagatik.
Auzo elkarteak idatzitako oharrean, halaber, hainbat ohar eta iradokizun zabaldu dituzte, eta horiek, Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailari igorri dizkiotela azaldu dute. Alde batetik, azaldu dute bidegorriaren lehen zatia “bi puskatan” banatuta gelditu dela ematen duela, eta bien arteko aldea handia dela gehitu dute: “Lehen zatian, anbulatoriotik Jolastokira doana, baliabide askorekin eraiki dute bidegorria; aldiz bigarrenean, Jolastokitik Jesuitinetara doana, obra arruntagoa da”, adierazi dute. Hain zuzen, bigarren zati hori egiteko, bide alboan dauden etxeek lur zati bat utzi dutela jakinarazi dute, eta bidegorria egiteko espaloia gorriz margotu dute, bestelako obrarik egin gabe. “Hasieran uste genuen pintaketa behin-behineko neurri bat zela, behin-betiko bidegorria egin arte hartutakoa, baina dirudienez, horrela utziko dute”, kritikatu dute auzo elkartekoek.
Bestetik, Aieteko parkearen irteera eta Jesuitinetako errotondaren artean dagoen zatian, espaloia ez dagoela “behar bezala” baieztatu dute, eta azaldu dute autobus geltokiaren alboko espaloia estutu egin dutela; gainera, autobus geltokia berritu beharrean, orain arte zegoena utzi dutela kritikatu dute, izan ere, autobusak galtzadan gelditu beharrean, estugunera sartzen jarraitu beharko dute.
Bestalde, Aiete pasealekuko 41 eta 43 zenbakien garajeetako irteerak modu desegokian utzi dituztela salatu dute: lanen ondorioz, koska bat utzi dute zona horretan, eta horrek kotxeen behealdearekin talka egiten duela azaldu dute. Gainera, zona horretako hustubideak itxita gelditu direla ohartarazi dute, baita horrek garajeak urez betetzea eragin dezakeela ere. Hori dela eta, hustubidea eta espaloia “lehengoratzeko” eskaera egin du auzo elkarteak. Era berean, pasealekuaren gune horretan, La Cumbrerantz doazenek ezkerrera egin ahal izateko, errepidean lerro etena marrazteko eskatu dute.
Azkenik, bidegorriaren obra guztiz amaitzeko konpondu beharreko hainbat elementu aipatu dituzte, besteak beste, semaforoen oinen egokitzea eta autobus geltokien markesinen txukuntzea.
2020 / 06 / 01 Irati Salsamendi