Maiatzean oso aurreratuta zeuden Aieteko anbulatorioko lanak, baina oraindik itxita jarraitzen du.
Maiatzan Aieteko anbulatorioa bukatzear zegoela iragarri bazuten ere, oraindik itxita jarraitzen du, eta Lantxabe auzo elkartea kezkatuta agertu da. Auzoak anbulatorioa lehen bai lehen behar duela adierazi du auzo elkarteak, are gehiago koronabirus kasuak etengabe igotzen ari diren honetan. Izan ere, COVID-19aren aurreran, lehen mailako arreta garrantzitsua dela gogoratu dute, baita nabarmendu ere horretarako ezinbestekoa dela osasun zentroak herritarrengandik hurbil egotea. Horregatik, Osakidetzak auzoko anbulatorioa abian jartzea “ezinbesteko gastutzat” hartu behar duela azpimarratu dute.
Hedabide honek Aieteko anbulatorioaren inguruko erreportaje bat egin zuen maiatzan, laster irekiko zela aurreikusten baitzuten. Lantxabe auzo elkartea pozik agertu zen orduan, anbulatorioa auzoko bizilagunen aspaldiko eskaria baita. Hain zuzen, koronabirusaren krisia hasi zenetik, Aietekoek ez dakite auzoan zenbat kasu izan diren zehazki, bizilagunak Antiguako eta Amara Berriko anbulatorioetara joan behar baitira. Horregatik, pandemiaren bigarren olatuaren aurrean, Aieteko anbulatorioa abiarazteak Antiguako eta Amara Berriko zentroen lan karga arinduko lukeela nabarmendu dute.
2020/08/12
Beñat Parra