Irailaren 11tik 20ra ziren egitekoak Aiteko jaiak, baina koronabirusa dela eta, bertan behera uzteko erabakia hartu du jai batzordeak. Egungo egoeran, auzoan edozein motako jai edo jende masifikazioak ekarriko lukeen ekitaldi edo ospakizunik burutzea arduragabekeria handi bat izango zela iruditzen zaigu. Gertu ditugu duela hilabete batzuetako egun beltzak, eta ez dugu horren buelta sustatzeko inongo intentziorik.
Bestalde, azken hilabeteetan ideiak proposatu dituzten eta laguntza eskaini duten auzotar guztiei eskerrak eman nahi dizkie jai batzordeak. Aieten jairik izan ez arren, jaietan aldarrikatzen ditugun balioak urte guztian zehar aldarrikatzera animatu nahi ditugu Aieteko bizilagunak: Aspaldiko lagunekin hitz egin, eta gurekin ez daudenetaz oroitu. Zabaldu ditzagun jaietan hartu ohi ditugun ohitura onak urte osora. Konturatzerako, 2021eko irailean egongo gara, berriz ere Aieteko kaleak alaitzen.
Aieteko Jai Batzordea (Lantxabe, Aieteko Euskara Batzordea, ACD Aiete)