Joan den astean mamelenak izan genituen hizpide atal honetan. Arrantzarako lehen lurrun itsasontziak ziren horiek, eta Ignacio Mercader merkatariaren ideia izan ziren. Lantxabe auzo elkarteari esker jakin dugu XX. mendean Mercaderren oinordekoek izen hori bera jarri ziotela baserri bati.
Ignacio Mercaderrek bere emazte Elena Vidaurreren omenez izendatu zituen Mamelenak, Mama Elena hitzekin jokoa eginez. Haren oinordekoek, berriz, baserri bat izendatzeko erabili zuten izen hura bera.
Historia guztia Aiete, caseríos, casas y familias liburuan jasotzen da. Aieteko pasealekuan, Munto inguruan, Ignacio Mercaderrek Olabene izeneko baserria zuen egun eliza dagoen tokian. Etxe horrek bi funtzio betetzen zituen: batetik, Ignacioren eta haren aitaren Mercader e Hijos enpresa zegoen han; lehen industrializazioko enpresa kimiko umila zen, karea, fosforoak, xaboiak eta abar egiten zituenak. Bestetik, 1883ko erroldaren arabera, han bi familia bizi ziren, eta haren jabea Mercader zen.
Toki hura Manuelen —Ignacioren eta Elenaren — esku geratu zen ondoren. Hark, lurraren zati bat eman zuen egungo eliza eraikitzeko; baserria eta gainontzeko lur eremuak, berriz, haren iloba Elena Diaz de Espadari utzi zizkion. Elena izan zen, 1940ko hamarkadan Mamelena baserria eraikitzea erabaki zuena, Manuel Cardenas bere senarrarekin batera. Baserria Olabene ondoan eraiki zuten, eta honen arkitektoa Cardenasen aita izan zen, Manuel Cardenas Pastor. Estilo baztandarreko etxe soila zen, eta horren aurrean parke elegante bat zegoen, askotariko zuhaitzekin. Era berean, Olabene ondoan, frontoi bat eraiki zuten. Familiak, batik bat 60ko hamarkadara arte, udan erabiltzen zuen etxea, neguan hezea eta hotza baitzen.
Olabeneri dagokionez, hiru bat solairu zituen eta 40ko hamarkadatik Zaldua familia izan zen han. Gerra osteko garaian, oso ohikoa zen etxeak topatzeko zailtasunak izatea. Patxi Zaldua, Legorretakoa, iturgina zen, eta Cardenasekin akordio batera iritsi zen: Zalduatarrek han bizitzeko aukera izango zuten; Cardenas Diaz de Espada familiak, berriz, janari freskoa —esnea, barazkiak, arrautzak, haragia eta abar— jasoko zuen ordainetan.
Zaldua familia Olabenen izan zen 1993ko abuztuaren 31era arte.
Maite Reizabal 2020/10/02 Irutxuloko Hitza
Toda la historia se recoge en el libro Aiete, caseríos, casas y familias de Pedro Berriochoa, desde la página 125 hasta la 131,
con el epígrafe
OLABENE/MAMELENA: DOS CARAS DE UNA CASA
que se puede bajar cliqueando en la pestaña del frontis de esta web