Txanpuene baserriaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago une honetan, eta datozen asteetan aterako da epaia; Aieteko eta Morlansko auzo elkarteek Ancoraren eskaerarekin bat egin dute.
(Argazkiak: Nerea Lizarralde)
Txanpuene baserri historikoa babesteko eskatu du berriz Ancora ondarearen babeserako elkarteak, eta Morlanstarrak eta Aieteko Lantxabe auzo elkarteek eskaerarekin bat egin dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak ere baserria babesteko eskatzen du aspalditik. Baserria Aiete, Amara eta Morlans auzoen artean dago, San Roke kaleko 57. zenbakian, eta Donostiako Udalak bota egin nahi du aspalditik, Arbaizeneako hirigintza proiektua dela eta; luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusita dago. Hedabide honek baserriko maizterrarekin hitz egin zuen bere garaian, eta erreportaje interesgarria osatu zuen. Horretaz gain, Amarako bizilagunek baserria babestearen aldeko Txanpuene Eguna ospatu izan dute hainbat urtez han, eta giro ezinhobea izaten da.
Ancora elkarteak nabarmendu du hiriaren erdigunetik hurbilen dagoen baserria dela gaur egun, eta azpimarratu du Txanpuene bere horretan mantentzea eta babestea oso garrantzitsua dela hiriarentzat. Era berean, nahiz eta erakundeek gurutzea eta baserriko beste elementu batzuk babesteko asmoa duten, baserri osoa ez babestea “porrot kolektiboa” dela salatu du ondarearen aldeko elkarteak.
Hain zuzen, El Diario Vasco hedabideak aste honetan argitaratutako informazioaren arabera, Txanpuene baserriaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago une honetan, eta datozen asteetan aterako da epaia, baserriaren etorkizuna erabakiz. Izan ere, baserriko gaur egungo maizterrek epaitegietara jo zuten 2016an, Arbaizeneako hirigintza proiektua aurrera eramaten ari diren higiezinen enpresek –Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL– baserria botatzeko baimena eskatu ondoren. Donostiako epaitegiak maizterren alde jo zuen hasiera batean, baina enpresek helegitea aurkeztu zuten, eta Gipuzkoako Auzitegiak arrazoia eman zien. Horrela, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da.
Baserriaren historia
Ancora elkarteak azaldu duenez, baserria XVIII. mendekoa da, gutxienez. Berwickeko dukearen 1719ko erasoan eta Lehen Karlistaldian (1839) kalteak jasan zituen. 1719ko erasoan, Antonio de Claessensena zen baserria, baina 1895ean Sotomayorreko dukeak erosi zuen. Barruan egurrezko jatorrizko egitura mantentzen du Txanpueneak, eta Ancorak nabarmendu du hainbat elementu interesgarri dituela: gurutzea eta La Nueva Barceloneta, 1773 dioen ateburua, esaterako.
Lantxabek proposatu du baserria Donostiako uraren museo gisa erabiltzea eta bere webgunean hainbat informazio argitaratzea
2020/10/30
Beñat Parraren artikulu batetik hartua Hitzarentzat