Euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiaren bigarren ekitaldia ate joka dugu, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko helburuarekin. Nik, aurten ere, gogotsu eta ilusioz eman dut izena, eta duela bi urte bezala, ahobizi izango naiz, euskaraz bizi nahi dudalako, bai nire ingurukoekin, bai ezezagunekin ere. Askotan sentsazioa dut egungo gizarte honetan euskal hiztunok ikusezinak garela, eta esfortzu bikoitza egin behar izaten dugula euskaraz bizitzeko, zenbaitetan arrotz sentitzeraino. Bada garaia gure hizkuntza normaltasunez, askatasunez eta natural erabiltzeaz gain, lehenengo hitza euskaraz egin eta elkarrizketak euskaraz jarraitzeko.
Aurreko esperientziatik oso oroitzapen polita dut. Txapa soinean genuenen artean begirada konplizeak, irribarreak, keinuak, eta abar atzeman nituen, behingoz euskaraz bizi nahi dugun ikusezinoi lekua eta prestigioa eman zigutelako. Gainera, Euskaraldiak urte luzeetan zehar euskaraz hitz egitera ausartu ez diren horiei ere lotsa alde batera uzteko aukera eman zien. Azken finean, denok, ahal genuen neurrian, euskarari bultzada bat ematea eta euskarak kaleetan nagusitasuna hartzea zen helburua.
Dendari lanetan nenbilela harrapatu ninduen Euskaraldiak, eta gogoan dut pasarte bitxi bezain pozgarri bat. Saltzaile batekin beti gaztelaniaz hitz egiteko ohitura nuen, lehenengo unetik gaztelaniaz zuzendu baitzitzaidan. Hara non, Euskaraldiko astean, nire sorpresarako, belarriprest txapa soinean jantzia etorri zen. Keinu horri esker, konturatu nintzen euskararekiko konpromisoa, behinik behin, bazuela, eta, une hartatik aurrera, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz hitz egiten hasi nintzaion. Orduan konturatu nintzen euskaldun berria zela, eta berak niri euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten zidan arren, euskara ederki ulertzen zuela.
Geroztik, berarekin beti euskaraz hitz egiteko ohitura hartu nuen, eta berak ere nirekin euskara praktikatzeko beta zuela ikusi zuen. Beraz, txapa soinean eramateak hizkuntza ohiturak aldatzeko balio duela ere ohartu nintzen, eta izugarri poztu ninduen horrek.
Bigarren ekitaldi honetara gogotsu eta ilusioz nator. Ea niri gertatu bezala, beste batzuek ere hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera duten, eta, denon esfortzuaren laguntzaz, hiri euskaldunago bat eraikitzen dugun.