Orain dela gutxi arte, astelehen beltza, 1987ko urriaren 19an munduko burtsa guztiek jasan zuten izugarrizko jaitsiera izendatzeko erabiltzen omen zen.
Bueno, egia da gure eskolan, orain dela gutxi arte, astelehen guztiei deitzen geniela, astelehen beltz; ikasleekin klaseak bukatu eta beste bi orduz aritu behar izaten baikenuen mintegiko lanak eta bilerak egiten. Orain astelehen pedagogikoak esaten diegu, badakizue, zuzentasun politikoa; baina ez dugu lortu igande biharamunari kolorea argitzerik.
Kontua da, astelehen beltz hura jasan zuten berberek, ostiral beltza sortu zutela; eta pentsatu zutela –zergatik ez?–, ideia mundu osora zabalduta, lehenago berreskuratuko zutela, urriko egun hartan galdu zuten guztia; eta gehiago.
Eta horrela bilakatu da esker emate egunaren ondoko beherapen aldia, lehen mundu osoaren kontsumismo garai gorena. Ostiral, aste edo hilabete beltza, zenbakiak gorritzeko adina beltza.
Orain ere, aberastuko da norbait gure kontura. Baina dena ez da txarra izango, eta itsasoz bestaldera sortutakoak ekartzen hasita, sansebastianak ospatzeko modua topatu dudala uste dut. Urtarrilaren 20ean, ezingo dugunez danborra jotzen atera, Biden presidente izendatuko dutela ospa dezakegu, su artifizial eta musika banda soinuekin.
Uste dut Amazonek salgai jarri dituela, dagoeneko, sukaldari-txano gorri, urdin eta zuriak.