Porlanak 300 urteko historia estaliko du

Txanpuene baserria hustu dute, eta hondeamakinak eraiste lanetan hasi dira. Luxuzko etxebizitzak eraikiko dituzte, eta Txanpon Enea parkea egingo dute ondoko lursailean. Garai bateko Amara desagertzear da, XVIII. mendeko ondarea baita Txanpuene.

XVIII. mendekoa da Txanpuene baserria, eta azken 150 urteetan Etxabe familia bizi izan da hor, maizter moduan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

2020/12/04

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Amara azken hamarkadetan asko aldatu da, eta askok sinetsi ere ez dute egingo auzoan baserririk dagoenik. Baina badago bat, azkena: Txanpuene baserria. Ez da luzerako egongo, ordea. Atzo goizean, hondeamakinak eraiste lanetan hasi ziren.

Txanpuene baserria San Roke kaleko 57. zenbakian dago, Alba familiaren Arbaizenea jauregiaren ondoan. Are gehiago, baserria eta inguruko lursailaren jabeak ere aristokrata horiek izan dira duela gutxi arte. Hala ere, Etxabe familia bizi izan da Txanpuenen azken 150 urteetan maizter moduan, eta orain, ezingo dira berriro baserrian sartu, urte askotako “mehatxuaren” ondoren.

Izan ere, 1997an Donostiako Udalarekin akordio bat egin zuen Alba familiak: Arbaizeneako lursail lauarekin geratu ziren aristokratak (baserria barne), eta udala, Txanpueneren aurrealdean dagoen gune berde eta aldapatsuarekin. Udalaren esku dagoen 10 hektareako eremuan Txanpon Enea parkea eraikitzeko asmoa du udalak ordutik: Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat. Hala ere, ez dute ordutik proiektua martxan jarri.

2005etik aurrera Txanpueneren inguruko lurretan urbanizazio prozesu bat abiatzeko prozesua abiatu zen, baina krisi ekonomikoak geldiarazi zuen. 2016an gorpuztu zen Txanpuenekoak jasaten ari ziren “mehatxua”: Alba familiak Txanpuene baserria eta lursailak Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL higiezinen enpresei saldu zizkieten. Arbaizeneako hirigintza proiektua aurrera eramaten ari dira enpresa horiek. Etxabetarrek etxea galtzeko arriskua argi ikusi zuten, enpresa horiek – jabe berriek – Txanpuene baserria botatzeko eskatu zutenean. Orduan, baserriko maizterrek epaitegietara jo zuten.

Donostiako epaitegiak maizterren alde egin zuen hasiera batean, eta onartu zuen maizterrak baserriaren jabe bihurtu zirela denboraren poderioz, baina enpresek helegitea aurkeztu zuten, eta Gipuzkoako Auzitegiak arrazoia eman zien. Horrela, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da, eta epaia atera gabe dago oraindik.

Eraisten ari dira

Hala ere, botere judizialaren aginduz astearte goizetik Txanpuene baserria higiezinen enpresen esku dago, eta Etxabe familiak maizter izateari utzi dio: ezingo dira berriro baserrian sartu. Astearte goizetik, segurtasun langile bat dago baserrian, eta argindarra moztu dute. Ostegun goizean hasi ziren hondeamakinekin oilategia eraisten, eta baserria ia guztiz hustu zuten. Topografo bat ere aritu zen inguruko lursailetan neurketak egiten.

Atzo goizean, hondeamakinak eraiste lanetan hasi ziren Txanpuene baserrian. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du “legearen barruan” jokatu dutela, “jabeek aurkeztutako helegitea irabazi zutelako”. Hala ere, Jon Lakuntza Amara Bai auzo elkarteko kidearen arabera, “Auzitegi Konstituzionaleko epaia teorian ez da bukatu, baina hiru hilabetera esan diete ez dutela irabazteko aukera handirik”. Beraz, prozesu judiziala amaitu baino lehen ekin diote baserria hustutzeari eta botatzeari.

Txanpuene baserria dagoen tokian luxuzko etxebizitzak egiteko asmoa dute Arbaizeneako hirigintza proiektuaz arduratzen diren higiezinen enpresek: “Hiru solairuko etxebizitza batzuk eta txalet txiki batzuk eraikiko dituzte», Jon Lakuntzaren arabera. Txanpon Enea parkeak urbanizazio proiektuari itxaron beharko dio: «Parkearena ez zen egin bere momentuan igogailuaren bidean etxebizitza bat egitea falta delako. Pentsatu genuen etxebizitza hori egin arte ez zuela merezi parkea egiteak”, azaldu du alkateak.

Amara Bai, Morlanstarrak eta Aieteko Lantxabe auzo elkarteek baserria babesteko eskatu dute, eta Ancora elkarteak eraikinaren balio historiko eta artistikoa nabarmendu du. Ancora elkarteak azaldu duenez, baserria XVIII. mendekoa da, gutxienez. Antonio de Claessensena zen baserria, baina 1895ean Sotomayorreko dukeak erosi zuen. Barruan egurrezko jatorrizko egitura mantentzen du Txanpueneak, eta hainbat elementu interesgarri ditu: gurutzea eta La Nueva Barceloneta, 1773 dioen ateburua, esaterako. Baserriko lurretan ere XIX. mende hasierako iturri bat dago: “Lantxabekoek eta pentsatu zuten Amaran eta Aieten dauden iturri guztiekin museo bat egitea, erakusteko nola hornitzen zen hiria urez. Izurriak edo gerrak zeudenean hemendik hartzen zuten ura”, azaldu du Lakuntzak.

Ancora elkartearentzat “penagarria” da XVIII. mendeko baserria desagertzea: “Hemen inguruan geratzen den bakarrenetarikoa da Katxolarekin batera. 70 baserri baino gehiago babesteko eskatu dugu, baina ez dugu erantzunik jaso. Badirudi ez direla baserri gehiago babestu behar. Oso mingarria da guretzat”, azaldu du Eneko Oronoz Ancorako kideak. Txanpueneren historia aintzat hartuta, Oronozek ondorengoa azpimarratu du: “Gerrak pasa ditu, baina espekulazioari ezin izan dio aurre egin”.

Amarako bizilagunen babesa

Amarako auzotarrek Txanpuenekoei babesa erakutsi diete baserria arriskuan jarri zenetik: “Txanpuene Eguna ospatzen hamahiru urte daramatzagu, ikusten genuelako baserria arriskuan zegoela. 160 pertsona bildu izan gara, eta trikitilariak, txalapartariak, haur jolasak eta abar izan ditugu. Haurrei baserri atzeko basoan dagoen harraska erakusten genien”, azaldu du Lakuntzak.

Txaro Lazcoz San Roke kalean bizi da duela 54 urtetik, Txanpueneren ondoan, eta auzoa asko aldatu dela uste du: “Denak familia bat ginen, baina orain ezer ez: bizilagunek ere ez dugu elkar ezagutzen”. Txanpuene baserrikoekin harreman handia du oraindik: “San Juan sua eta guzti egiten genuen hor. Behiak zeuden, eta San Rokeko emakumeak etortzen ziren esne bila, eta Santu Guztien Eguna baino lehen, auzoko emakumeak Txanpuenen biltzen ginen krisantemoekin eta goroldioarekin gurutzeak eta koroak egiteko, eta gero San Martin merkatuan saltzen genituen”, azaldu du. Lakuntzak oroitu du 45 ardi inguru ere bazeudela Txanpuenen, eta oraindik hor jarraitzen dute zenbait oilok, baita baratzeak ere.

Albako dukesa ere ikusi izan du Lazcozek etxe inguruan “L4 batean, txoferrarekin”. Lakuntzak ere badu beste anekdota bat aristokratarekin: “Auzotar batek kontatu zidan haurrak zirela Arbaizenean izanak direla. Albako dukesak tenis zelai bat zeukan, eta auzoko ume batzuk pilotak jasotzen jartzen zituen. Gero txokolatezko ogitarteko bat ematen zien ordainetan”.

Asko aldatu da auzoa

Basoerdi parkea ere oso desberdina zela esan du Lakuntzak, “mendi” bat zela, alegia. Eta gainean beste baserri bat zegoela gogoratu du Lazcozek.

Izan ere, 54 urtez San Roke kalean bizi izan den emakumeak paisaiaren aldaketa ikusi du: “Txanpuenez gain, beste baserri bat zegoen kalean, eta Arbaizeneako zaindarien etxea. Horiek denak bota zituzten, eta etxe berriak eraiki dituzte. Aurrean jarritako eraikinek bistak estaltzen dituzte: lehen, jendea hondartzan paseatzen ikusten genuen eta orain ez”.

“Auzoaren berdeguneak eta alaitasuna kentzen ari dira. San Bartolomeko auzo berrian ere, hormigoia baino ez dago. Zer utziko ote diegu gure haurrei!”, salatu du Lakuntzak.

“Inpotentzia” sentitzen dute auzotarrek: “Inpotentzia ematen digu auzoko leku politak kentzen dizkigutela ikusteak. Arrokako frontoiarekin gauza bera egin zuten”, esan du Lakuntzak.

Txanpuene baserria desagertzeko arriskuan dago, baina Lantxabe elkartearen arabera, “maizterrak baserria ez botatzeko tramiteak egiten ari dira”.

Txanpuene eraisten ari dira, eta garai bateko Amara porlanak estaliko du.

7 comentarios en “Porlanak 300 urteko historia estaliko du”

  1. Zoritxarrez, hemen ez da inon ere azaltzen baserriko maizterrek beren lurrak ixteaz gain, inguruko lurrak ere bereganatu dituztela. Beraz, haien baserria eta lurrekin zer ikusirik ez zuten sustatzaileek ere kalte handiak jaso dituztela heuren eraginez eta bost urtez zain egon behar izan dutela Arbaizenea jauregia eta baserriaren arteko lurrean eraiki ahal izateko. Gainera, maizterrak ez ziren gaur egunekoak, baizik eta heuren osaba-izebak. Izeba promotore baten lehengusua zela, hari lurra erosteko proposatu zion eta erosi ezkero hil arte bertan bizitzen uzteko eskatu zion lehengusuari. Lehengusuak hitzartutakoa bete zuen, gero ilobek baserrian ardi batzuk sartzeko baimena eskatu eta orain haiek jabeak zirela adierazten dute. Hau aurpegia! Epaitegietan argi eta garbi ezetza eman diete, bai Donostian, bai Bilboko goi-epaitegietan eta baita ere Madrilgo Gorenekoan. Are gehiago esango dut: maizterren ilobek ez zuten baserria mantendu nahi, baizik eta eraikilei xantaia egin, 900.000€-ren truke. Baserria zer nolako egoera xixtrinean utzi duten besterik ez da ikusi behar, esaten ari naizena egia borobila dela ulertzeko. Bestalde, baserriak ez du inondik inora ere hemen aipatzen den interes kulturala. Interesa duten gauzak gordeko diren gurutzea, ateburua eta itturria baitira. Eraikina erortzear dago (lehengo solairura ezin da igo, arriskutsua izateagatik) eta egitura oso makala da. Ez dauka katxola edota Tolare baserrien xarma, ezta are gutxiago ere.

  2. He leido la propuesta de Lantxabe: Mantener el Baserri, no derribarlo y dedicarlo a ‘Museo del Agua’. El proyecto de la asociación está muy razonado y pormenorizado en la entrada Un museo del agua en Txanpoene | Aiete – Lantxabe – Katxola – Ayete
    La cuestión no está en el interés de los hermanos Etxabe, sobre cuya honestidad se han desatado tormentas, rayos y centellas ¿Orquestada por los propietarios del terreno?; el asunto es declararlo monumento protegido -como se hizo con Katxola o los jardines del palacio de Aiete- impedir su demolición, repararlo, reconstruir lo que haga falta -como se hizo con Katxola- e ir construyendo el museo que propone la asociación de vecinos de Aiete

    1. Con todos los respetos hacia todas las sensibilidades, en mi humilde opinión el valor que tiene esta construcción es nulo. Conozco el caserío y está en estado de ruina, el primer piso es inaccesible y su estructura no tiene ningún interés. Tampoco lo tiene la fachada. Se trata de una construcción muy pobre, al borde de la carretera y no merece la pena ni conservarlo ni tampoco trasladarlo a otro lugar. Se ha decidido conservar la cruz del gallur, una fuente, así como un dintel que tiene una inscripción «La Barceloneta 1773» (supongo que como curiosidad, porque tampoco es un dintel especial). La casa de mi amona es del año 1.713, como casi todas las de su pueblo, y no está protegida. No se trata de proteger por proteger lo que es viejo, sino de conservar lo que realmente tiene un interés cultural, artístico o histórico. Para decidirlo están los expertos de la Diputación, Ayuntamiento y Gobierno Vasco; pero todo el mundo opina de todo, las cosas se politizan y hay mucho interés económico en el Urbanismo. Comparar este edificio con Munto, Katxola o Tolare es como comparar la noche con el día.

  3. Lantxaberen proposamena irakurri dut: baserria mantentzea, ez botatzea eta ‘Uraren Museoa’ ri eskaintzea. Elkartearen proiektua oso arrazoitua eta xehatua dago Txanpoeneko Uraren Museoa 124; Aiete – Lantxabe – Katxola – Ayete sarreran.
    Kontua ez dago Etxabe anaien interesean, haien zintzotasunaren gainean ekaitzak, tximistak eta zipriztinak piztu baitira. Lurraren jabeek orkestratu egin dute?; kontua da monumentu babestu izendatzea -Katxolarekin edo Aieteko jauregiko lorategiekin egin zen bezala-, eraispena eragoztea, konpontzea, behar dena berreraikitzea -Katxolarekin egin zen bezala- eta auzotarren elkarteak proposatzen duen museoa eraikitzen joatea.

  4. Ur inguruan museoa antolatzeko ez da zertan baserria mantendurik, beheko iturria baizik eta hala egingo dela diote. Baserriaren inguruan sortu den hika-mika guztiz ekonomikoa dirudi, Etxabetarrek dirua nahi zutela esaten baita. Beraiek jakingo dute zer nahi zuten, baina etxea aurritan dago eta ez du ematen mantentze lanak oso sakonak izan direnik.

  5. Lursailekin, Albaren etxearekin, sinatutako agiriekin eta abarrekin nahaspila handia dago, azken finean… arazo txarra eta etorkizun zalantzagarria Higiezinarentzat eta bertan bizi direnentzat, dagoeneko hustuak izan baitira.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio