Atzo baserria hustu zutela azaldu dute Amara Bai auzo elkartekoek, eta gaurtik aurrera makinak sar daitezkeela, baserria eraisteko. Txanpuene baserriaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalean dago une honetan, eta oraindik epaia atera gabe dagoela hustu dute baserria. Hala ere, Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu du “legearen barruan” jokatu dutela, “jabeek aurkeztutako helegitea irabazi zutelako”. Lursailaren jabeak Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL higiezinen enpresak dira.
Botere judizialaren aginduz, baserriko maizterrak ezingo dira Txanpuenen berriro sartu, eta higiezinen enpresek askatasun osoa izango dute lursailetan ibiltzeko eta baserria eraisteko. Gaur izan da idazkari judiziala baserrian goizeko 09:30ean.
Baserria Aiete, Amara eta Morlans auzoen artean dago, San Roke kaleko 57. zenbakian, eta Donostiako Udalak bota egin nahi du aspalditik, Arbaizeneako hirigintza proiektua aurrera eramateko: luxuzko etxebizitzak eta Txanpon Enea parkea egitea aurreikusita dago. Baserriko gaur egungo maizterrek epaitegietara jo zuten 2016an, Arbaizeneako hirigintza proiektua aurrera eramaten ari diren higiezinen enpresek –Neinor SL, Renteria SL eta Irunesa SL– baserria botatzeko baimena eskatu ondoren. Donostiako epaitegiak maizterren alde jo zuen hasiera batean, eta onartu zuen maizterrak baserriaren jabe bihurtu zirela denboraren poderioz. Baina enpresek helegitea aurkeztu zuten, eta Gipuzkoako Auzitegiak arrazoia eman zien. Horrela, auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi da, eta epaia atera gabe dago oraindik.
Hala ere, Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu du “legearen barruan” jokatu dutela, “jabeek aurkeztutako helegitea irabazi zutelako”. Bestetik, Arbaizenea parkearen proiektua oraindik ez dute hasi: “Parkearena ez zen egin bere momentuan igogailuaren bidean etxebizitza bat egitea falta delako. Pentsatu genuen etxebizitza hori egin arte ez zuela merezi parkea egiteak”, azaldu du alkateak.
Ancora elkarteak baserria babesteko eskatu du, eta Morlanstarrak eta Aieteko Lantxabe auzo elkarteek bat egin dute eskaerarekin. Amarako bizilagunek Txanpuene Eguna ere ospatu izan dute, baserria babesteko.
Ancora elkartearen arabera, baserria XVIII. mendekoa da gutxienez. 2016an, baserriko maizterrekin hitz egin eta erreportaje zabala osatu genuen.
2020/12/01
Mikel Elkoroberezibar Beloki