Txanpuene baserriari agurra emateko

Txanpuene baserriari agurra emateko, auzotarrak urtero bildu izan gara 2006. urtetik, baina nork esango zigukeen 2019ko ekainean, ez genuela berriro Txanpuene zapalduko. Donostiarentzat garrantzia historiko handia zuen baserriak; auzotarrontzat, horrez gain, izugarrizko balio sinbolikoa ere bazuen, belaunaldiz belaunaldi gazteon historiaren lekuko izan baita.

Amarako gazteon oroimenean geratuko dira bertako banbuekin Piraten abordatzerako egindako baltsak, bertan belaunaldi berriekin sortutako harremanak, gazte guztiok elkarrekin erromeriara joateko antolatutako kalejirak, jolasetako pikeak, inoiz botako ez ditugun Txanpueneko lehiaketetan irabazitako sariak, iturria garbitzeko egindako auzolana eta botatako izerdiak, komunera bidean hartutako ipurdikoak, saiheski zati bat jateko borrokak, eta nola ez, hainbeste gazte eraman zituen banku madarikatua.

Ez da kasualitatea Txanpuene baserriaren eraisketa. Urteak dira jada, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, auzotarron inongo onespenik gabe, gure auzoan hirigintza proiektu txikitzaile eta gentrifikatzaileak gauzatzen dituztela. Horren erakusgarri dira, besteak beste, auzoko hainbat eragile gure lokaletatik botatzea, Amara kaleko bizilagunak haien betiko etxeetatik kanporatzea, Osasun kaleko bizilagunek pairatu duten Azora putre-funtsaren kasua, San Bartolome-Muinoa makroproiektu urbanistikoa, Donostiako metroa, eraikiko dituzten lau hotel berriak, kapitalismo arrosaren isla den Axel hotela edota etorkizuneko merkataritza zentroa. Eta logika zapaltzaile horren azken zentzugabekeria Txanpuene eraistea izan da, historia eta ondarea babestu ordez, belaunaldien arteko kultur transmisioa bermatu ordez, inbertsore handiak babestu dituzte beste behin ere luxuzko etxeak eraikitzeko. Gutxi batzuk aberasteko auzoa txirotu dute, beste behin ere.

Argi dago gisa horretako proiektuek, ez dituztela inondik inora auzotarron beharrak eta nahiak asetzen, eta are gutxiago auzoko gazteonak. Agerian gelditzen ari da auzotarrak auzotik kanpo nahi gaituztela, eta urrats txikiak eginez auzotik kanporatzen gaituztela, kolektibo guztiak azpiegiturarik gabe utzi nahi dituztela, eta, oro har, auzoaren izaera desagerrarazi nahi dutela.

Página de Noticias de Giouzkoa, de hace un par de años o tres

Amarako gazteok argi dugu! Historiak egiten du auzoa, geroa, eta historia hori kolpe batez eraitsi nahi izan dute, auzotarrak entzun gabe. Auzotarrok egiten dugu egunerokoan auzoko bizia eta auzodefentsaz erantzungo diegu, gurea dena berreskuratuz!

2020/12/11

Alai Kruse Goenaga eta Lierni Ruiz de Loizaga Cruz

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio