José Ignacio Ansorena
Umetan Donostian urtarrilaren 5ean etxez etxe kantari ibiltzen ginen: Erregeak datoz, Bretxan barrena… Berri ona zen: bezperako eskean txanponak biltzen genituen eta 6ean opariak jaso. Egun ume izan ginenon iruditerian, Meltxor, Gaspar eta Baltasar hirukotea abailduta dago. Eta haurtxo askorenean erabat desagertuta. Ikasi genuen Mateoren ebanjelioan –agertzen diren bakarrean– ez dela errege zirenik aipatzen, baizik eta jakintsu titulua ematen zaiela; ezta hiru zirenik ere. Izenak eta itxurak geroago asmatu zituztela ipuingileek. Horrek makaldu du pertsonaien indarra noski. Baina, nagusiki, beste opari emaileen konpetentziak egin die kalte: Papa Noël, Santa Claus, San Nikolas eta, gure artean batik bat, Olentzero.
Espainiako erregeen inguruan antzeko zerbait gerta liteke. Aparrean bizi izan ditu borboitarren botereak azken berrogeita bost urteak. Ematen zuen herritarrei askatasuna eta egonkortasunaren oparia ekartzera etorriak zirela. Ipuinaren idazleek eta dekoratugileek erret familiaren loriak eta ederrak besterik ez ziguten kontatzen. Askok bagenuen susmoa, ordea, jauregiko alfonbren azpian hauts zikin ugari zegoela. Eta hori konfirmatuz joan den neurrian apurka hasi da beste oparigileen zerrenda handitzen-handitzen. Hortxe dago koska: hurbiltzen den etorkizunean zein ordezkok hartuko du indarra? Errepublikak, diktadura batek, agian beste dinastia baten monarkiak…?
Estatu baten buruzagitza aldatzea ez da txatxukeria. Eta Espainia estatuan tradizioa izan da aldaketa horiek gertatu direnean gerraz laguntzea. Tentuz ibiltzea komeniko zaigu, ez dugulako, nik behintzat ez, beste gerra edo antzekorik nahi..
Zergatik du orain Espainiako estatuak antolamendu monarkikoa? Frankok nahi izan zuelako. Eta horrekin ados ez zeuden askok amore eman zutelako. Batzuk fede onez, sinestuta diktaduratik irteteko modu baketsu bakarra zela. Agian arrazoia zuten. Baina bada garaia jeneral tiranoaren itzaletik atera gaitezen. Bost urte barru, 2025eko azaroan, berrogeita hamar urte beteko dira hura hil zenetik. Aita krudelaren etxetik alde egiteko adina izango dugu. Egokiera aproposa nola antolatu nahi dugun estatua erabakitzeko eta autoestima kolektiboa indartzeko. Hauxe proposamena: eska diezaiegula alderdi politiko guztiei piskana –ez dezaten berriro esan: orain ez da momentua– estatuaren eraketa horren inguruko eztabaida soziala bidera dezaten. Patsadaz, argudio sendoez, amorrurik gabe eta etorkizunari begira. Pandemia honetan herritarrok erakutsi omen dugu nolako heldutasuna dugun. Honi ekiteko ere, ongi agertuz gero, ez gara heldugabeagoak izango.
Estatua eratzeko monarkia eredu desegokia da, gutxi batzuetan indartsu badago ere. Inoren seme-alabari, soilik horregatik, estatu baten buru izateko eskubidea ematea erabat zentzugabea dela harriek ere badakite. Honek, pribatutasun eremuari dagokion zerbait lehen planoan jartzeaz gainera, gutxitan azaltzen den monarkiaren beste alderdi makurra du: estatuaren biztanleei jartzen zaie eredutzat familia tradizionala, gizon-emakume bikoteak eta hauen ondorengoak. Baina itxura kontua besterik ez dela onartuta eta, diskrezioz jokatuz gero, hortik kanpo nahi dena egin daitekeela. Hitz batean, hipokresia eta faltsukeria jartzen da antolamendu sozialaren erpinean. Horregatik batzuk monarkia modernoa atontzen hasi behar dela esan arren, niri contradictio in terminis iruditzen zait esamoldea.
Gure gizarteak, bestetik, ahalegin neketsuak egin ditu azken urteetan, familia tradizionalaren txantiloi horren aurka ezer jarri gabe, bestelakoak naturaltasunez eta era ofizialean onar daitezen. Sexu bereko gurasoak, umeak berezkoak edo adoptatuak izan, transexualek ere osa ahal dezaten familia… denek eskubide berberez. Ez da kontu erraza izan, oraindik bide luzea dago egiteko eta monarkia modelotzat hartzea oztopo handia da.
Espainiako monarkiaren eta bereziki borboitarren azken mendeetako portaera ere ez da aldeko arrazoia. Komeni da gogoraraztea Philippe d´Anjou, lehen borboia, 1713an iritsi zela Koroara, Suzesio Gerraren ondorioz eta Utrechteko itunaren bitartez Gibraltar Erresuma Batuaren eskuetan utziz. Monarkiaren aldeko eta Gibraltar berreskurazale direnek kontuan hartu beharko luketen datua. Bide batez, merezi du esatea: ez al da Espainian monarkia desegokitzat jotzen duen eskuindarrik? Oso harrigarria da eta zer pentsa eman beharko liguke horrelakorik inon ez agertzeak, izan badirelako noski.
Eta batez ere, errege-erregin magoak izan dira guztion diruak euren probetxuan gobernatzerakoan. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek ez bezala, errege hauek ez dute etorri beharrik, hemen ditugulako (salbuespen barregarri-negargarri bat kenduta). Galdera –berriro diot: patsadaz, amorrurik gabe, argudio sendoez eta etorkizunari begira planteatu beharrekoa– hau da: joango al dira? 2025. urtea, Franco hil zenetik 50 urte beteko direnean, erreferendumerako aukera ezin hobea.
Diario Vasco, Miércoles, 6 enero 2021