Hain euritsua den hiri batean kalean jolastu eta denbora pasa ahal izateko estalitako espazio gehiago behar dituztela adierazi du Lantxabe elkarteak. Hau dela eta, Hiru Damatxo plaza eta hainbat autobus geltoki estaltzea eskatu dute. Izan ere, Aieteko eskola publikoaren ondoan dago parkea, eta umeek egunero asko erabiltzen dute; beraz, Donostiako beste eskola publiko batzuetan egin duten moduan, inguruko parkeetan estalitako eremuak egotea eskatu dute. Aitor ikastolak eta Zuhaizti eskolak ere inguruko parkeak estaltzea eskatu dute, eta Lantxabek eskaera denek batera egitearen garrantzia azpimarratu du.
Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzarrak EH Bilduren proposamen bat onartu zuen atzo; eskolen ondoan dauden parke hauen estaldurak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ordaintzeko exigitzea eskatu dio udalari EH Bilduk proposamen honen bidez. Bestalde, dirulaguntza honek Udalaguntzatik banandua izan behar duela adierazi dute; izan ere, Udalaguntzarekin bestelako gauzak berritzen dituzte, eskoletako leihoak eta berogailuak, adibidez.
Parke hau Aieteko eskola pubikoko haurrek erabiltzeaz gain, Axular Lizeoko, Jesuitinetako eta San Patrizio eskolako umeek ere asko erabiltzen dutela adierazi du auzo elkarteak, estalduraren beharra nabarmenduz.
Iñaut Gonzalez de Matauko Rada