Donostia bolatokien hiria izan da. Atzera begiratuta, joko horrek tradizioa eta tiradizoa izan du hirian. Arrasto horren segidan, bolatoki bat berregiten ari dira Herrerako auzoan. Donostian bost egongo dira guztira. Ospea izan dute hirian. Eta joko tradizional horrek baditu bere heroi anonimoak.
Pedro Lazkanok eta Manuel Matxainek ahalegin handia egin zuten boloen jokoa bizirik mantentzeko Donostian eta Gipuzkoan. 30eko hamarkadan, baserriak nagusi ziren Aiete auzoan, boloen zaletasun handia zegoen
Sorolla margolaria maiz ibiltzen zen Euskal Herrian. Halako batean, Donostiara gerturatu zen 1914an eta «Bola jokoa, Gipuzkoa» margolana egin zuen Euskal Herria irudikatzeko New Yorkeko Hispanic Society bilduman
Donostiako Trinitate plazan proiektu garrantzitsua egin zuen Peña Gantxegik 1963an eta bi ardatz nagusitan oinarritu zuen bere egitasmoa: lehendik zegoen frontoia eta bolatokia
Trinitate plaza «herriko plaza moduko bat zen», herri kirolak oinarri zituena. 90eko hamarkadaz geroztik, ordea, gainbehera nabaria izan da eta nortasun berezi hori galdu du eremuan egin diren esku-hartzeen ondorioz
Historia guztietan bezala, boloenean ere historiaurre bat badago. Eta aitzindariak egon dira. Pedro Lazkano hasiera-hasieratik egon da. Altzan jaio zen 40ko hamarkadaren amaieran, eta iazko martxoan pandemiaren atarian hil zen, alarma egoera ezarri baino egun batzuk lehenago. 71 urte zituen. Astegun zein asteburuak Donostiako bolatokiak zaintzen ematen zituen. Hiru estaliak dira: Añorgakoa, Ategorrietakoa eta Altzakoa. Aieteko bolatokia da aire librean dagoen bakarra eta, beraz, ezin dira bertan txapelketak antolatu. Buruhausteak izaten zituen Lazkanok Aietekoarekin, estalita ez dagoenez zaintza handiagoa behar duelako eta dena ondo atondu ahal izateko denbora behar zuen. «Haurrak jolasean ibiltzen dira lurrarekin eta zuloak egiten dituzte, eta gero lur hori berdindu beharra dago. Estalitakoetan hor geratzen da egiten duzun lana, kanpokoetan ez», esan zuen Lazkanok 2017an “Hirutxuloko Hitzan” eskainitako elkarrizketan. «Bi egunetik behin etortzen naiz; hostoak eta zikinkeria kendu, lurra berdindu, hondar pixka bat bota, bidea egin… nahiko erraz egiten da, eta ez dut inork laguntzea nahi izaten».
2016an Aieteko bolatokia berreskuratu zuten bizilagunek. Manuel Matxain izena jarri zioten, auzoko bizilagun ilustrea eta bolari handia izan zen gizona omentzeko. Historia honen bigarren izen propioa eta aitzindaria da Matxain. Bola jokoak beti aurkitu du bere tokia Aieten. Joaquin Sorolla margolaria maiz ibiltzen zen Euskal Herrian, eta haren aztarnak aurki daitezke kostan, besteak beste, Donostian, Zarautzen eta Bidarten. Halako batean, Donostiara gerturatu zen 1914an eta “Bola jokoa, Gipuzkoa” margolana egin zuen Euskal Herria irudikatzeko New Yorkeko Hispanic Society bilduman. Sorollari bururatu zitzaion Aieten ikusi zuen jolasa margotzeko ideia. Bere ohiko maisutasun xumeaz baliatuz, oihalera eraman zuen eszena. Bolatokian zenbait baserritar bildu dira ikuskizuna jarraitzeko. «Baietz». «Ezetz». Apustuen liturgian murgildu dira. Jokalariak besoa luzatu du, boloa gogor jaurtitzeko prest. Gazte bat petrilera igo da, jokaldia hurbiletik ikusteko eta ziurrenik inork tranparik egingo ez duela ziurtatzeko. Hormatxo berean eserita dagoen neska gazteak arreta galarazi dio eta burua joan egin zaio. Maiteminduta dauka mutila. Dirudienez, Katxola baserriaren inguruan daude denak eta paisaia berdean landa gailentzen da.
Aietetik Herrerara bitarte
Lantxabe Aieteko auzo elkartearen ordezkaria da Felix Perez. Biak ezagutu zituen, Matxain eta Lazkano. Manuel Matxainen biografia poliedrikoa errezitatzeko gai da. «Plazagizona zen. Heroi txiki bat, jatorra eta atsegina», deskribatu du. Garai hartan, 30eko hamarkadan, Aieteko auzoan artean ez zituzten eraiki urbanizazio dotoreak. Hirigunetik minutu gutxira, mendixkan, baserriak zeuden. Matxain iraupen luzeko lasterkaria zen eta hasieran toka jokoarengatik egin zen famatua. «Pieza batek toka jotzen duenean kontatzen da tantoa, eta partida bakoitzean 36 pieza botatzen ziren. Matxainek 32 aldiz jotzen zion burdinazko txapari eta nazioartean ospe handia lortu zuen, Japonian, esate baterako. Garaiezina zen. Izugarria!». Perezek dio kartzelan ikasi zuela boloetara jokatzen, Espainiako Gerra Zibilean Errepublikaren alde borroka egin ondoren preso egon baitzen. «Oso ondo jokatzen zuen», laburbildu du.
Aieteko bolatokian belar luzeak dira egun nagusi. Pandemiak eztanda egin zuenetik, ezin dute boloetara jokatu. Bolatokia bizirik dago oraindik, egoera kaxkarrean, baina bizirik. Bolatokiari begira jarrita, Perezi Pedro Lazkano etortzen zaio burura, gure artean egongo balitz bezala. «Harro-harro eremua txukuntzen ikusiko genuen», dio.
Gipuzkoako bolo eta toka federazioaren buru izan zen Lazkano. Irudi instituzionala baino askoz gehiago zen hura. «Boloen funtsezko figura izan da. Arkitekto nagusia izan da. Boloen arima zen nonahi, Gipuzkoako bolatoki guztiekin zuen harremana, bolatokiak bizirik egotea ahalbidetzen zuen. Tiraldiak antolatzen zituen. Haren semea, Xabier, oinordeko duina da».
Herreran egin zioten omenaldia Lazkanori. Ekialdeko Barrutiko Batzarraren ekimenari esker, Herrerak bolatokia izango du berriz ere. Arrobitxulo parkean egongo da kokatuta eta obrak martxoan hasi eta uztailaren 1ean prest egotea aurreikusten da. Duela hamarkada bat desagertu zen Herrerako bolatokia eta urtetan zehar hainbat bizilagun zein elkartek eskatu izan dute auzoarentzat bolatoki berri bat irekitzea. Ekialdeko Barrutiko 2019ko aurrekontuetan jaso zen proposamena eta Donostiako Udalak urte amaieran onartu zuen iaz. Bolatoki berria estalia izango da eta publikoarentzat espazioa izango du. Horrez gain, toka, botea eta petankara jokatzeko guneak izango ditu, helduentzako ohiko jolasgune bilakatzeko asmoarekin.
Gaurko eguna euritsu datorrela iragarri dute, baina, momentuz, ostarteak daude. Jolasgunean, proiektuan murgilduta dauden enpresa eta instituzio ezberdinek (Donostiako Udala, Construcciones Echaide eta Kitto Aparejadoreak enpresa) bilera informala dute.
Juan Antonio San Sebastian da 465 orriko txostenaren egileetako bat. «Gune guztiak elkartu behar izan ditugu eta konplexutasun handiko lana eskatzen du», laburbildu du arkitektoak. Proiektuaren aurrekontua 164.122 eurokoa da. Aurrera doa dena, uste bezain ondo ari dira lan egiten. Bolatokiak kirol materiala jasotzeko etxola izango duela azaldu du Sebastianek eta keinu batekin seinalatzen du non kokatuko duten. Karpari buruz galdera bota du. «Noiz iritsiko da? Gaur goizean?». Echaide enpresako Xabier Gonzalez obraburuak erantzun dio: «Laster etorriko direla esan didate». Dirudienez, estalkia jarri behar duten langileak Zaragozatik datoz eta atzeratu egin da zertxobait bisita hori. Mikel Arteaga Donostia Kiroleko arkitektoak esan du Zerain eta Altzako bolatokiak izan direla Herrerakoa egiteko «inspirazio iturriak». «Bolatokiaren inguruan sortutako zalantzak argitzeko hainbat irizpide eman dizkigu Gipuzkoako Bolo Federazioak», azaldu du Arteagak. Bizilagunekin elkarlanean aritu dira eta giroa lasaia da. Eraikinak oin angeluzuzena du, hormigoi armatua da nagusi eta guztira 28,30 metroko luzera du eta 2,30 metroko zabalera. Karpa iritsi bitartean, petankara jokatzeko gunean egurrezko taulak ari dira jartzen obrako bi langileak. Arduradunen atentzioa deitu dute eta elkarren artean solasean hasi dira. «Zer tamaina hartuko du eskailerak? 1,20 metro baino gehiago?». «Bai, pistaren zabalera osoa hartuko du». «Bale. Eta zenbat eskailera maila egokituko dira? Hiru? Lau?».
Herriko plaza Donostian
2015eko ekainean arkitekturako, kulturako eta gizarteko hainbat eragilek bat egin eta Peña Gantxegi Artxiboak sustatutako Trinitate Plazaren Alde izeneko manifestua sinatu zuten. Haien esanetan, Triniak «azken bi hamarkadetan jasan dituen zoritxarreko interbentzioei oraintsu aurkeztu den frontoia estaltzeko lehiaketa gehitu behar zaie». Eztabaida handia piztu zen estalkiaren aldekoen eta aurkakoen artean, eta Parte Zaharreko bizilagunek gune estali duin bat aldarrikatzen zuten.
Unai Fernandez de Betoñok honela laburbildu zuen GAUR8n Trinitate plazaren bueltako affaire urbanistikoa: «Eskaera sozialak estetikarekin egin du topo». Juan Karlos Izagirreren Gobernuak –EH Bildukoa–, onartu zuen ideia lehiaketa baterako deialdia egitea, pilotaleku horretan estalki bat jartzeko asko jota 1 milioi euroko kostuarekin. Guztira, zazpi arkitekto talde aurkeztu ziren proiektu horretara. Urtebete geroago, Tokiko Gobernu Batzarrak (EAJk eta PSEk osatua) erabaki zuen esleipen prozedurarekin jarraitzeari uko egitea «interes publikoagatik». Estalki bat jartzearen aurka zeudenek gogorarazi zuten Trinitate plazak jada ez duela jatorrizko bolatokia, pilotarientzako aldagela bihurtua.
Mario Sangalli irakaslea da Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan eta doktoretza 2013an egin zuen, “Luis Peña Ganchegui: Arkitektoa leku gisa” tesiarekin. Berak ziurtatu du bolatokiak «protagonismo berezia» izan zuela 1963an euskal arkitekto nabarmenak Parte Zaharrean egin zuen funtsezko lan horretan. «Hiri hondakin hura plaza bihurtzeko erabakia aldez aurretik zeuden bi elementu egoteak eragin zuen, bi joko tradizional egitea ahalbidetzen zutenak: frontoi bat, 1931n eraikia, eta Peña Gantxegik haren altuera nabarmen murriztu zuen oinplanoaren neurriari egokitzeko, plazaren espazio sentsazioa handitzeko eta Santa Maria elizaren ikuspegia gehitzeko; eta bolatoki bat, hasiera batean frontoiaren paraleloan inprobisatzen zena eta, 1956tik aurrera, ad hoc eraikin bat izan zuena. Bi elementu horiei probalekua gehitu zitzaien, herri kirolak egiteko funtsezko elementua». Bolatoki estaliaren lekuan kokatu zuten probalekua; beraz, lekuz aldatu behar izan zuten eta mendi mazela batean jarri zuten. Bolatokia babesteko, «harmailen ordez estalki lau bat jarri zuten», gogoratu du Sangallik, plazaren gainean begiratokia izango zena. Euskal Herriko jolas tradizionalak bermatu nahi zituzten Trinitate plazan, non Gipuzkoako lurraldearen izaeretako bati eman nahi zieten lehentasuna. «Herriko plaza moduko bat zen», azpimarratu du Donostiako Mario Sangalli arkitektoak.
90eko hamarkadan Trinitateko plaza gainbeheran joan zela esan daiteke, eta espazio ilun eta segurtasunik gabeko gune izan zen. Azkenean, bolatokia itxi eta aldagela bihurtu zuten. «Triniaren degradazio arkitektonikoa 1993an hasi zen, eraiki eta hiru hamarkadatara, harrizko zoladuraren ordez jarraitua dagokion hormigoizko zorua ezarriz, lehen probalekuak okupatutako espazioan, kanasta eta porteriekin, kirol pista bat jartzeko. 1998an jarraitu zuen gainbeherak hesia instalatzen, jendearen sarbide librea mugatuz», adierazi du Mario Sangallik. Eta gaur arte horrela izan dela dio gaineratu du.
Herrerara bueltan, azkenean, Arrobitxuloko parkean kolore txuriko karpa luze eta sendoa jarri dute. Uste baino geroago gerturatu dira Aragoiko enpresakoak. Txukun dago guztia. Felix Perezek esaten du boloetara jokatzen erakutsi behar zaiela umeei, tradizioa galdu ez dadin. Futbola jaun eta jabe den herrian, heroi anonimoz beteriko jendartean bizi gara. Haien artean, Manuel Matxain eta Pedro Lazkano aipatuenak izan dira bolatokiak berreskuratzen ari diren hirian.
Jon Pagola
Naiz-Gara
2021 Maiatza