Donostiako udal teknikariek Lantxabe auzo elkartearen hamairu proposamen bota dituzte atzera

Errondo gaina eta Amara lotzen dituen bidezidorra. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Lantxabe Aieteko auzo elkarteak egindako hamairu proposamen atzera bota dituzte Donostiako udal teknikariek. Auzo elkarteko kideak haserre agertu dira erabaki hauen aurrean, eta udalak hiritarren parte hartzea ikusteko “modu berezia” duela adierazi dute. Atzera bota dituzten lau proposamen mantentze lanen ingurukoak dira, zazpi mugikortasunaren ingurukoak, eta kulturaren eta ingurumenaren inguruko bana.

Hauek dira mantentze lanen inguruan atzera bota dituzten proposamenak eta arrazoiak:

Errondo gainetik Anoetako kirol instalakuntzetarako bidea txukuntzea. Arrazoia: muga ekonomikoa gainditzen du.

Izaburu kaleko zuhaitzak kimatzea. Arrazoia: mantenu orokorreko kontuak.

Aieteko argiztapena hobetzea eta zuhaitzen kimatzea. Arrazoiak: muga ekonomikoa gainditzen dute.

Hegaztien pasealekuko 86. zenbakitik Bera Berako saskibaloi zelaietara bidexka bat egitea. Arrazoia: luzeegia izango litzateke, eta praktika galduko luke.

Mugikortasunaren inguruko proposamenak:

Aiete pasealekuko 16. eta 26. zenbakien arteko espaloia zabaltzea. Arrazoia: zabaltze honek hirigintza prozesu bat behar du, baita desjabetze bat ere.

Aiete auzoan mikrobus zirkular bat. Arrazoia: autobus linea berrien sorrerak edo daudenen hobekuntzak etorkizuneko aurrekontuak aldatzen dituenez, ez dira prozesu honen bidez egiten.

Aieteko Osasun Zentroan autobus geltoki bat. Arrazoia: autobus linea berrien sorrerak edo daudenen hobekuntzak etorkizuneko aurrekontuak aldatzen dituenez, ez dira prozesu honen bidez egiten.

Katalina Eleizegi kalean, Lazkano pasealekuan eta Errondo gainean egoiliarrentzako aparkalekuak. Arrazoia: TAOaren aldaketek zerbitzuen hobetzea dute helburu, eta kontratua eta araudia aldatzea ekarriko luke aldaketa honek.

Errondo gainaren eta Anoetako kirol instalazioen artean igogailua edo funikularra egitea. Arrazoia: prozesu honetatik kanpo geratzen dira mugikortasun bertikalaren inguruko proposamen guztiak.

Aieteko bidegorriaren eraikuntzan Donostiako Udalak beregain hartzea Jesuitina ikastetxeko horma. Arrazoia: prozesu honen muga ekonomikoak gainditzen ditu.

Jesuitinen ikastetxe ondoko biribilguneko mugikortasun eta trafiko arazoak konpontzea. Arrazoia: muga ekonomikoak gainditzen ditu.

Kultura arloko proposamena:

Aieteko Kultur Etxeko liburutegia goizetan ere irekitzea. Arrazoia: etorkizuneko aurrekontuak baldintzatzen ditu.

Ingurumenaren inguruko proposamena:

Oriamendiren ingurumen kudeaketarako plan berezi bat egitea. Arrazoia: ez da udalaren eskumena hau egitea.

2021/06/09

Iñaut Gonzalez de Matauko Rada

1 comentario en “Donostiako udal teknikariek Lantxabe auzo elkartearen hamairu proposamen bota dituzte atzera”

  1. Jakin badakit hainbat proposamen kendu direla arbitrarioki, eta proposamen horiek ez zirela aurrekontutik pasatzen eta ez zirela Udalaren planen aurkakoak. Hala ere, bizirik iraun duten gutxi horietatik asko mantentzea dira

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio