Gure alaba futbolean hasi da

Gure alaba futbolean hasi da aurten. Lehenago bere aitonek, aitak eta anaiak egin zuten moduan, Kontxan jokatuko du, otsailera bitarte, hamabostean behin.

Berez iaz hastekoak ziren, baina ezin izan zuten, noski. Eta profesionalek ez bezala, ia entrenamendurik gabe hasi behar izan dute denboraldia.

Baloia kanpora ateratzen denean, entrenatzaileari galdetzen diote eskuarekin ala hankarekin atera behar duten; atezainak baloia gelditzen duenean, lurrera botatzen du goitik ez dakielako ateratzen; defentsak aurrelari eta aurrelariak defentsa bihurtzen dira baloia non dagoenaren arabera eta golen erdiak ia nahigabe sartutakoak dira. Baina zoragarria da.

Eta zoragarria da, aurkariren batek min hartzen duenean, epaileak ezer esan beharrik gabe, partida gelditu egiten dutelako nola dagoen jakiteko. Zoragarria da, partidua irabaztera irteten diren arren, galtzea ez delako drama bat. Zoragarria da, gol bat sartzen dutenean, ez direlako hasten telebistan ikusitako ospakizun lerdoak egiten.

Eta zoragarria da, batez ere, ez dagoelako guraso bakar bat ere zelaiaren buelta osoan, zentzurik gabeko pretentsio handiusterik daukanik. Eta, horregatik, gure alabekin batera gozatzen dugu, irabazi ala galdu, festa txiki bat delako beraientzat, hamabosten behin.

Nahiago nuke bere anaiak jokatzen duen zelaietan gabiltzan gurasook ispilu honetara begiratuko bagenu. Izan ere, han gol ederrak, jokaldi luzeak eta lasterketa bikainak ikusten ditugu; baina hura ez da zoragarria.

2021/11/26

Manex Mujika Amunarriz

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio