Miramongo anfiteatroa, Greziako zatitxo bat Donostian

Miramongo anfiteatro edo teatroa eraikuntza ezezagun bezain bitxia da. XX. mende bukaeran altxatu zuten eta noizean behin musika emanaldiak egiten dituzte, azkenekoa Dantz festibalean. Zergatik ez da gehiago erabiltzen?

Azpiegituraren irudia. (Maialen ANDRES I FOKU)

Denboran zehar bidaia egin dezagun. Greziako arkitektura klasikoaren maisulana den Epidauro antzokira ailegatu gara, 300 metro inguruko bidezidor bat baliatuz. Antzokia, K.a. 330ean hasi ziren eraikitzen eta bere egilea Polikleto Gaztea da. Hasieran, 6.000 pertsona sartzen ziren bertan, baina eraberritze lanak amaitu gabe zeuden orduan eta 12.000 lagunentzako lekua izan zuen. Panheleniar Jokoak lau urtean behin egiten ziren Antzinako Grezian eta, hain zuzen ere, lau kirol jaialdi ezberdinen multzoari ematen zitzaion izena: Olinpiar Jokoak, Pitiar Jokoak, Nemear Jokoak eta Istmoar Jokoak. Peloponesoko polis txiki horretako Asklepioren santutegian, Argolidako prefekturan, musika ekitaldiak, antzezpen dramatikoak eta kirol proba ezberdinak egiten zituzten. XX. mendearen erdialdetik aurrera, Epidauroko antzoki zaharrak leku nabarmena du berriz ere greziar kultura modernoan. Helduentzako obra klasikoak, operak, orkestra sinfonikoak eta dantza taldeen emanaldiak ikus daitezke, Greziako eta nazioarteko artista ospetsuekin. Besteak beste, Maria Callas sopranoa aritu zen 1960 eta 1961ean Greziako Opera Nazionalarekin batera.

2021-12-22, Donostia. Miramongo anfiteatroa. 22-12-2021, San Sebastián. Anfiteatro de Miramón.

Aieteko Lantxabe auzo elkarteko kidea da Felix Perez eta inbidia puntua sorrarazten diote Epidauroko ekimen kulturalek. Haren esanetan, Miramongo anfiteatro edo teatroa Greziako arkitektura klasikoaren eraikinetan inspiratuta dago. Zuhaitzez inguratuta, horien artean hainbat dira zipresak, Miramon parkean kokatuta dago teatroa eta Katxola baserri historikotik ez dago urrun. Datu ofizialen arabera, 1990eko hamarkadaren bukaeran altxatu zuten eraikina eta 3.000 pertsona baino gehiagorentzako edukiera du. 16 metroko altuera du harmailak eta antzeztokiak 20 metroko diametroa du. 2.500 metro kubiko hormigoi erabili zituzten guztira. Joan den irailaren 18an, Aieteko festetarako prestatu zuten ekitaldietako bat Cum Jubilo abesbatzaren kontzertua izan zen Miramongo anfiteatroan.

Ez da ohikoa ekitaldi kulturalak egitea eta programazio aberats eta joria izatea. Normalean ez da deus egiten. Bizilagunak txakurrekin paseatzen dira maiz eta kasu bakan batzuetan, oso gutxi, kuadrillak harmailetan eseri eta berriketan aritzen dira. Asko gozatu zuen egun hartan, baina sentimendu kontrajarriak ditu Perezek. «Poza eta pena nahastuak genituen, eszenaurre ikusgarri hori ez delako gehiago erabiltzen». Halere, egoerari buelta emateko prest dagoela dio eta Lantxabek kulturaren aldeko apustu irmoa egiten du. «Potentzial handia du. Publikoaren eta artisten artean sentsazio berezia sortzen da, bion arteko interakzioa bikaina da, eta antolaketa batekin, jarduera erakargarri batekin, jendea animatuko litzateke nahiz eta horra ailegatzeko urruti dagoela dirudien. Udaletxeak lanerako jantzia jarri behar du soinean eta baldintza minimo batzuk ezartzea da helburua hura erabiltzeko», esan du auzo elkartearen ordezkariak.

Erabilera ezberdinak izan ditzan HAPO berri bat egiteko eskaera egin du Lantxabek, «eguraldi txarraren handicapa» kontuan hartuta. «Duela urte batzuetatik hona, udalari eta gainontzeko erakundeei proposatu diegu gune horretara bideratu ditzatela Jazzaldiaren, Hamabostaldiaren, Zinemaldiaren, Poltsikoko Antzerkiaren eta Musika Eskolaren jarduera jakin batzuk», adierazi du Felix Perezek, eta, horrenbestez, Donostiako kultura zirkuituaren erdigunean anfiteatroa sartzea eskatu dute. «Inguru konparaezina ere bada eta bere abantailak aprobetxatu behar ditugu», azpimarratu du.

Hori ez da erraza izango. Segur aski ez da sekula erraza izan. Jon Aizpurua Donostia Kulturako kultur ekintzako zuzendariak hausnarketarako balio dezakeen gogoeta bat bota du, anfiteatroaren erabilera urriaren harira: «Inork ez zigun inoiz galdetu beharrezko kultur ekipamendua ote zen. Norbaitek erabaki zuen hori egitea inongo azterketa edo analisirik egin gabe. Tamalez oso ohikoak izan dira horrelako erabakiak Estatuko kultur alor ezberdinetan, baita Euskal Herrian ere. Errepideak egiten dira beharra dagoenean, eta ez alderantziz. Kulturan, berdin».

Malda batetik, aro klasikora

Hasiera batean, obraren helburua zen aldapa handiko malda egonkortzea. Inguruko urbanizazio lanek konponketa txiki eta xume bat eskatzen zuen. Egun Miramongo anfiteatro bezala ezagutzen den eraikina altxatzea okurritu zitzaion udaletxeari, «zertarako egin nahi zuten jakin gabe», erantsi du Aizpuruak. Donostia 2016aren programazioan txertatu nahian egin ziren saiakerak. Eguraldi kaxkarrak behartuta Tindersticks taldearen kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten eta Ingalaterrako musikari dotoreak Tabakaleran aritu ziren. Miramongo basoan Basoka folk jaialdiaz gozatu ahal izan da zenbait urtetan, Olatu Talka jaialdiaren baitan. 2019. urtea udal ekimen hiritarraren azkenekoa izan zen eta Jon Busselo, Ane Leux, Luke Armstrong eta Iker Laurobaren kontzertuetara 300 bat lagun bertaratu ziren, edukiera osoaren ehuneko hamarra baino zerbait gutxiago. Jon Aizpurua bera Olatu Talkaren zuzendaria izan zen eta gogoan ditu anfiteatroan egin zituzten kontzertu eta ekimen kultural ezberdinak. Desabantailak agerian geratu ziren, Aizpuruaren iritziz. «Ekoizpen aldetik, askoz ere merkeagoa da Kursaaleko terrazan zeozer antolatzea, esate baterako. Kostuak altuagoak dira Miramonen. Baztertua dagoenez, errefortzuko autobus zerbitzuak jarri behar dira», adierazi du. Eta okerrena ez da hori: jendea ez da joan ere egiten antolatu diren ekimenetara. «Oso gauza potentea izan behar du eta horretarako aurrekontu handia ezinbestekoa da. Etsigarria da, antzerki saioak bertan egin izan ditugunean-eta, 20 edo 30 lagun besterik ez baitira bildu», esan du.

Hamarreko esperientzia

2017tik Dantz Festibalaren zuzendari eta ideologoa da Jokin Telleria lasartearra. Pandemiak dagoeneko abiarazita zeuden prozesu batzuk bizkortu ditu –digitalizazioa batik bat–, eta, harrigarria izan badaiteke ere, ekintza eremuak zabaltzeko eta dibertsifikatzeko balio izan du. Lauzpabost urte darama hainbat ekimen eta proiekturekin, musika elektronikoa eta abangoardiakoa ardatz hartuta sektorean erreferente izaten lagundu diotenak, tokiko eta nazioarteko artisten eta kolektiboen komunitate zabala sortuz. Urriaren 9an, kontzertuak zutik ikusteko aukera izan zen Euskal Herrian lehen aldiz aspaldiko partez eta Miramongo oholtzara lau artista igo ziren: Ellen Allien, Cora Novoa, J.C. eta Monika Elektra. Jaialdian bizitakoarekin liluratuta dagoela aitortu du Telleriak eta jendearen aldetik «oso feedback ona» izan dutela dio. «Bai, bikaina esango nuke. Publikoak ‘zoriontasuna’ hitza behin eta berriro adierazi digu, eta hori oso pozgarria da. Artistek ere bai, literalki flipatu egin zuten. Beraz, oso-oso pozik gaude».

Aurkitu zituzten zailtasun teknikoei dagokienez, ez ditu oztopo handiegiak jarri. «Pare bat kontu kenduta (eszenatokirako sarbidea eta horrek dauzkan zailtasunak, eta nahiko urruti edo apartatua dagoela), produkzio aldetik ez zaigu hain zaila ere egin. Hori bai, plangintza eta apustu sendo bat egin behar da, ez bada ondo antolatzen, fundamentuz, desastre hutsa izan daiteke. Leku handia da, eta hori maneiatu behar da; hau da, errekurtso asko inbertitu behar dira».

Izurritearen arrastoak sufritu zituen Dantzek eta azken orduan egitea beste erremediorik ez zuten izan: pandemia garaia ziurgabetasun garaia da. Oso tarte laburra izan zuten denbora behar duten kudeaketa logistikoak egiteko, hala nola komunikazioa, booking-a, produkzioa, baimen administratiboak… «Baloratu nahi dut Jokinek pandemian egin duen esfortzu izugarria», goraipatu du Jon Aizpuruak. Bere aldetik, Lantxabeko Felix Perezek esan du agertokiaren atzealdean karpa txiki bat altxatu zutela Dantzeko egitaraua aurrera eramateko. Bere diagnostikoa baikorra da aurrera begira: «Espazio publiko batek azpiegitura iraunkor batzuk eta korronte elektrikoko puntuak behar ditu, garraioa hobetu behar da… Agian konplikatuena jendearen ebakuazio sistema antolatzea da, baina badago konponbidea». Telleria ere ildo argitsu beretik doa –«badaude moduak oztopoak kudeatzeko»– eta Dantzen esperientzia «hamarrekoa» izan dela nabarmendu du: «Lekua, soinua, estetika, esperientzia gisa, toki benetan aparta da. Gure bizipena ezin hobea izan da; bai artistentzat, bai publikoarentzat eta baita guretzat ere, antolatzaileentzat».

Berriro errepikatzeko prest azalduko lirateke? Eta hala bada, zer aldatu edo hobetu beharko litzateke Miramonen? Jokin Telleriak argi du: «Noski errepikatuko genukeela. Ekitaldia hobetze aldera, gure esku dagoen guztia egin dugu eta covidak ezarritako neurri batzuek baldintzatu dute soilik. Edukiera osoa erabili nahiko genuke (3.200 lagun inguru) eta publikoak ezin izan zuen anfiteatroan edan», bi kasuetan, pandemiaren ondorioz ezarritako behin-behineko araudiengatik. «Agian arropa gordetzeko gune bat izatea ondo legoke ere bai, eta ziur hobekuntza gehiago daudela, batez ere produkzio aldetik. Lehen aldietan beti daude akatsak», dio, irribarre batez.

2021 abendua 28

Naiz

Jon Pagola

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio