Begietatik ahotsera

Joan den irailean ehun urte bete dira Carmen Laforet idazle kataluniarra jaio zenetik. 1944an argitaratu zuen lehen eleberria, ‘Nada’ (Ezer ez), Espainiako literaturaren klasikotzat jotakoa.

Esaten da haize bolada fresko baten antzera agertu zela Carmen Laforet idazlearen aurreneko eleberria, Nada, 1944an. Arrunt nobela estimatua izan da espainiar letretan; 1939tik aurrerako gerraosteak Espainian utzitako panorama kultural eta literarioa egurastu izana aitortzen zaio, eta orobat laudatu izan dira Laforeten begirada berezia eta prosa intimista ere, zeinek oihartzuna izan baitzuten aurrerantzeko idazle espainiar ugariren estiloan. Egileak 23 urte zituen Nada kaleratu zuenean, eta, nobela hark arrakasta ederra ekarri zion arren (hiru edizio izan zituen plazaratu zen urtean bertan), Laforeten ospea apaldu samarrik geratu zen aurrerantzean, ez baitzuen lortu lehen eleberri haren bultzada ibilbide literario bete baten abiaburu bilakatzerik. Segitu zuen, segitu, narratiba publikatzen, bai eskutitzak eta artikuluak ere, baina halaz guztiz Laforeten izena gazte garaiko lehenbiziko lanari atxikita ailegatu da gaurko egunera.

Eleberri bete-betea da Nada, ederki idatzia eta artez kontatua, hasierako indar deskriptiboa trama bizi batekin orekatzen duena. Protagonista Andrea da, 18 urteko gazte umezurtz bat; nobelaren hasieran Bartzelonara ailegatu berria da, estudiatzera, eta Aribau kaleko senideen etxean ostatu hartzekoa da. Etxe horretan, ordea, giro iluna eta sordidoa aurkitzen du, eta halakoak dira bizikideen harremanak ere, ilunak eta gaiztotuak. Gainbehera etorritako burges familia baten azken kondarrak geratzen dira etxean, eta familiako kideen artean zikinkeria, bortizkeria eta malezia dira nagusi (atmosfera horretan bada antzekotasunik Emily Bronteren Gailur ekaiztsuak-ekin). Gaztearen ilusio guztiak berandu gabe zapuzten dira; izeba Angustiasek larre motzean hartzen du Andrea, eta pixkanaka-pixkanaka etxeko ezinikusi gurutzatuen sarean katramilatzen. Andrearen askatasun nahia, Bartzelonako hiria bezala, ia-ia Aribauko etxetik kanpo entzerratuta geratzen da, eta gazteak unibertsitatea beste arnasgunerik ez du aurkitzen. Gerora, izebaren figura autoritarioa aienatzen denean, Andrea hirira zabaltzen hasten da, eta unibertsitateko lagunartea Aribau kaleko familiarteari lehiatzen hasten zaio. Ordutik aurrera, girotzea apalduz eta argumentua korapilatuz doaz, eta familiako drama txikiak unibertsitateko tramarekin nahasten dira. Bi eremu horien arteko lausodurak bideratzen du Andrea, neke eta buruhauste artean, nobelaren konklusiora.

Eleberriaren lehen partea kontrastezko girotzean eta deskripzioan murgiltzen da nabarmen. Andrearen begiradak burges familia porrokatu baten erretratu zoli bat marrazten du, iragan distiratsuaren eta neskaren beraren esperantza muzinduen argi-kontra. Bartzelonako hiriak guztiz liluratuta dauka Andrea, zeinak iritsi berriaren zirraraz deskribatzen baitu bertako atmosfera erakargarria, baina segituan Aribauko etxeko giro hits eta lakarretik eskapatu ezinda geratzen da. Unibertsitateko lagunarte ireki eta atseginak familiako miseriekin talka egiten du; Andrearen eta Ena adiskide minaren arteko harremanean ikusten da hori garbienik. Protagonistak bere larruan ezagutzen du miseria; gosea pasatzen du, eta otorduetarako nola edo hala moldatu behar izaten du. Ena, berriz, familia aberatsekoa da, eta haren etxean musika eta atsegintasuna izaten dira lege.

Mundu arrunt desberdinen girotzeak zirriborratu, kontrastatu eta gero nahasteko abilezia hori izango da agian nobelaren indargunerik handienetako bat; Bartzelonako hiria, unibertsitatea, Aribau kaleko goibeldura, guztiak ere Andrearen begirada zeharo subjektiboak eta ahots narratiboak bahetuak, ez dira atze-oihal soil bat, baizik eta istorio osoa ehuntzen duen bilbe nagusia bera.

Begirada bat, ahots bat

Andrearen begirada paperera dakarren ahots narratibo horixe da Nada-ren beste indargune bat. Istorioa Andreak berak narratzen du, lirismorako joera duen prosa intimista batean, eta bere pertzepzioaren arabera guztiz. Suerte guztietako deskribapenekin osatzen da eleberriaren parte handi bat, eta Andreak aiputan hartzen dituen gauza guztiak, objektuak, begiradak, lekuak, gertakariak, den-denak daude beraren subjektibitate propioak blaituta. Pertsonaiaren sakonera psikologikoari ez zaio gogoeta luzeetan edo introspekzioan antzematen, baizik eta inguruko guztiaren berri ematen duen begiradan. Izan ere, propio esan edo pentsatu gabe geratzen diren gauza guztiek aberasten dute nobela: hortxe daude pertsonaien arteko inkomunikazioa, desengainua, gaizki-ulertuak, bakardadearen beldurra eta hari eskapu egin ezina… Gai nagusiok gerraondoko gizartearen giro orokorraren berri ematen dute; esplizituki esan gabean geratzen dira, baina hor daude, testuaren azpian taupaka, bihotz salataria nola.

Gerraostea erretratatzea ez da eleberriaren helburu nagusia, baina halarik ere Andrearen begiratu zorrotzak ederki islatzen ditu gerrak utzitako lazeria, burgesia zaharren gainbehera… Hain justu, Laforeten eleberria tremendismo izeneko korrontearen garaian argitaratu zen; joera horretako narrazioek, gerraosteko giroak hartaratuta, indarkeriazko eta miseria gorrizko giroak narratzen zituzten. Camilo Jose Celaren Pascual Duarteren sendia kontsideratzen da tremendismoaren obrarik adierazgarriena, eta Nada ere eleberri tremendistatzat jotzen da, horren gordina ez bada ere. Edozein kasutan, Laforeten nobelak hari mutur franko ematen ditu beste hainbat aldetatik ere aztertzen segitzeko; ez da harritzekoa hain indartsu iraun izana gaur egun arte.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio