Kasu berezia da gurean Cesare Paveserena

Beñat Sarasola

Kasu berezia da gurean Cesare Paveserena. Poesia gutxi euskaratu den arren, bera izango da gehien itzuli den poetetako bat, bai behintzat izan duen itzultzaile kopuruari dagokionez. Hain da horrela ezen haren poema bat baino gehiagoren hainbat bertsio aurki litezkeen. Itzultzaileen artean daude, besteak beste, Xabier Lete eta Joseba Sarrionandia, eta bi poetongan nolakoa den Paveseren lanaren arrastoa ikusteko aukera ona dugu honakoa. Izan ere, orain arte ez zegoen Paveseren poema-libururik argitaratuta, han eta hemen barreiatutako poemak baizik. Hala, Ion Olano Carlosek, zenbait poemaren itzulpen berriak emateaz gain —italieratik zuzenean itzuliak—, Paveseren ibilbide poetikoaren soslai osatu bat eman digu kaier honetan.

Egiazki, ez zuen poesia asko argitaratu Pavesek, poemategi bakarra argitaratu zuen bizirik zela: Lavorare estanca (Lan egiteak akitzen du), nahiz eta denbora pasatu ahala poema gehiago txertatzen joan zen (tartean, faxismoak zentsuratutako batzuk; adib. Dinaren gogoetak eta Aitatasuna). Gero, 1945ean, La terra e la morte (Lurra eta heriotza) seriea argitaratu zuen Le Tre Venezie aldizkarian. Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (Etorriko dun heriotza hire begiz), berriz, hil-ondoan argitaratu zen. La terra e la morte-koez gain, hamar poema argitaragabe agertu ziren liburu horretan, tartean bildumari izena eman zion poema ezaguna, euskarara erruz ekarri dena (Olanorena seigarren bertsioa dugu).

Poesia publikatzen hasi zuen idazle ibilbidea 1936an, Lan egiteak akitzen du argitaratu zuenean. Lizeoan irakasle izan zuen Augusto Monti idazlearen I Sansôssí nobelaren erantzun gisa idatzi zuela diote adituek. Montik piamontetarren lanaren etika goratzen zuen bitartean, gaztarotik helduarorako igarotzearen talka irudikatzen du Pavesek, eta helduen mundu laborezkoaren gordinkeria. Pavese denbora luzez ibili zen tonu poetiko egokiaren bila, eta azkenean, Hegoaldeko itsasoak poemarekin —Manuel Vazquez Montalban-en polizia nobela ezagunenari izena eman zion gerora— lortu omen zuen 1930ean. Handik aurrera joan zen giro antzekoa osatzen zuten aleak ontzen, harik eta bilduma bukatu zuen arte. Hunkigarria da poemotako begirada erdi-xaloa, bizitzaren plazerei bertatik bertara begiratzen diena.

Garai hartan poesia hermetikoa zen Italian nagusi, Salvatore Quasimodo, Giuseppe Ungaretti eta Eugenio Montale bezalako poeta handien eskutik, eta Pavesek poesia molde errotik ezberdin bat ekarri zuen. Iluntasun poetikoaren aldean, poesia askoz ere narratiboagoa zen berea, erritmo eta kadentzia handikoa eta bertso-lerro luzekoa. Ia esan liteke ipuinak balira bezala irakur litezkeela Lan egiteak akitzen du-ko poema ugari.

Bigarren aldiko poemetan (kaier honetan Lur gorri lur beltz poematik aurrerakoak), ordea, poetika biraketa suma liteke, askoz ere poema lirikoagoak idatzi zituelako. Ildo horretako poemak Constance Dowling aktore estatubatuarrarekin edukitako (des)amodio istorioak bultzatua idatzi omen zituen.

Bigarren Mundu Gerran erresistentzia antifaxistan parte hartu zuen, eta horren zantzuak suma litezke bere narratiba lan ezagunetako batean, Burkidea-n (Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulia), baina, kurioski, poemetan ez da agertzen gatazka politiko horren zantzurik. Literatura anglosaxoiko hainbat idazle handiren itzulpen aipagarriak egiteaz gain, Einaudi argitaletxean ere lan egin zuen —Turingo erredakzioburu izan zen—, garaiko beste zenbait idazle italiar handiren (Natalia Ginzburg, Elio Vittorini) aldamenean, eta bere obra hantxe argitaratu zuen ia osoki. 1950. urteko abuztuan, bere buruaz beste egin eta berrogeita bi urte baino ez zituela zendu zen. Haren biografoei kasu eginez gero, hustasun existentzialak eta amodiozkoak (Dowlingen ukoa ezin eramanda) jota hartu zuen erabakia, baina literaturazaleari beti geratuko zaio azalpen sinpleegiekiko errezeloa.

Beñat Sarasola

Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu

Cesare Pavese

Verrà la morte i avrà i tuoi occhi

1950eko martxoak 28

euskaratzailea: M.A. Unanua

Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu

lagun dugun, goizetik gauera, insomne,

gor, damu zahar baten gisan, edota

aje funtsge baten, heriotza han. Zure begiak

izango dira hitz hutsal bat,

garrasi mututu bat, isiltasuna.

Halan ikusten dituzu goizero andre

bakar-bakarrik mirailaren aurrean

paratzen zarenean. Oi itxaropen maitea,

egun horretan jakingo dugu guk ere

zarela bizitza eta heriotza zarela.

Denontzat heriotzak hainbana begirada du.

Etorriko da heriotza eta zure begiak izango ditu.

Aje bat galtzea bezalakoa izango da,

mirailan karantza itzali bat

sortzen ikustea bezalakoa,

ezpain itxi bati aditzea bezala.

Mutu joko dugu leizean behera.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio