Musukoak eta maskarak

Aste Santuaren aurretik, ikasketa amaierako bidaian egon naiz gure ikasleekin. Beste lau lankiderekin batera, 17-18 urteko 60 ikaslerekin pasa ditut bederatzi egun eta bederatzi gau, Belgikatik eta Alemaniatik.

Egia esan, primeran pasa dugu. Ikasleak eta irakasleak ederki portatu gara, eta, anekdotak anekdota, aho zapore ezin hobearekin bueltatu gara bakoitza gure etxera. Baina, bueno, ez da hori kontatu nahi dizuedana.

Arraroa egin zitzaidan, lehenengo egunetan batez ere, urtebetez ia egunero nire aurrean, eta niri begira, eduki ditudan ikasleen aurpegiak musukorik gabe ikustea. Pertsonon irudimena zabala bezain zoragarria da, baina gutxitan asmatzen duela pentsatu izan dut egunotan; ikasle asko ez nituzkeen ezagutu ere egingo! Baina, bueno, hori ere ez da kontatu nahi dizuedana.

Kontua da, ikasle horietako askori Matematika eta Fisika ematen dizkiedala; eta batzuek sufritu egiten dutela, zatikako integralen formula edo efektu fotoelektrikoaren izaera ulertu nahi dituztenean. Bai, sufritu egiten dute, eta horregatik egiten dira txiki nire klaseetan, sorbalda aurreratu eta behera begira jarrita, sufrimendu hortaz inor jabetuko ez delakoan.

Eta, horregatik gozatu dut, eta poztu naiz, musukoarekin batera klaseko maskara kendu, eta handi egin direnean. Klaseetan ezkutuan uzten dituzten indar toneladak ikusi ditut beraiengan, indarra, karisma eta ilusioa; besteak beste. Asko gozatu dut, egia esan.

Garbi dago, inteligentzia eta gaitasun anitzak ditugula, eta egoeraren arabera, maskara desberdinak ditugula jartzeko. Inor ez garela beti hau edo bestea, eta bizitzaren aurrean kokatzeko pertsona adina modu daudela. Ah! Eta norbaitek gaitasun horien artean sailkapenak egiten baditu, arazoa, berak dauka.

Askotan gogoratu naiz lankide ohi batek, erdi brometan, esaten zuenarekin: hemen ez dago inor ezertarako balio ez duenik. Ezta ni ere!

Manex Mujika Amunarriz

2022/04/22

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio