Traolak (ingelesez hashtag, oker ez banago) aste honetan 15 urte bete dituela irakurri dut nonbait. Dirudienez, ordura arte bemola eta sostenidoa bereizten zituzten musikariek baino erabiltzen ez zuten hura, gure egunerokora zabaldu da, lotsarik gabe.
15 urte asko ala gutxi izan daitezke, baina garbi dago gauza batzuk behintzat asko aldatu direla. 2007an hasiak ginen mugikorrak erabiltzen. Egia da, orain ez bezala, sakelako edo segapoto txikiena edukitzea zela modernoena, baina ordurako, ia normala iruditzen zitzaigun patrikan telefonoa, argazki kamera eta baita interneta edukitzea ere.
Baina bai, benetako iraultza ondoren iritsi zen: sare sozialekin. Eta geroztik ari gara gure sinesgarritasuna Twitterreko «gustatzen zait» kopuruaren arabera neurtzen; ordutik iruditzen zaigu ideia ona, gure bizitza paralelo bat erakustea munduari, irribarre faltsuekin; bai, 15 urte hauetan hasi gara gure nortasuna Tiktok sare sozialeko koreografia kopiatuekin eraikitzen.
Asko ala gutxi izan daitezke, baina 15 urte hauetan, krisi ekonomiko sakon bat, Realaren bi kopa, existitu zitekeenik ere ez genekien pandemia bat eta Europan gerra bat bizi izan ditugu, besteak beste. Eta, nik, orduko etxe berean bizi naizen arren, autoa aldatu behar izan dut, bi seme-alaba eduki ditut eta hartu ditudan kilo adina ile galdu dut, gutxienez.
Bai, 15 urte asko ala gutxi izan daitezke, baina ederki aldatu zaigu bizitza.
Hori bai, oraintxe idatziko dut, lehenengo adiz, ditxosozko traola hori: nire ordenagailuan AltGr+3 (#).
Manex Mujika Amunarriz