Finlandia eta kaosa

Atzo entzun nuen, Euskadi Irratiko solasaldi batean, Finlandia, Danimarka eta hauek direla munduko herrialde zoriontsuenak. Orain dela gutxi arte Kolonbia omen zen zerrenda honetan lehenengoa.

Ez dakit bietako zerk harritu ninduen gehiago, baina garbi dago zoriontasuna eta segurtasuna lotzen, edo nahasten, ditugula askotan. Pentsatzekoa da, gainera, pasatu dugun edo pasatzen ari garen pandemiak eta hain gertu entzuten ditugun gerra hotsek lotura hori estutzen laguntzen dutela.

Ni ez naiz ez Finlandian ez Kolonbian sekula egon, baina biak deskribatzea eskatuko balidate, bata beroa eta kaotikoa dela esango nuke, eta, bestea, hotza eta ordenatua. Eta niri ez zait ordena gustatzen.

Ez, ez naiz ordenatua, eta ez zait ordena gustatzen. Eta ez zait gustatzen, iruditzen zaidalako mugatu egiten nauela, eta letra larriz idatzitako beste Ordena horren inurri egiten nauela. Bai, aspertu egiten naiz ordenean. Badakit erosoagoa dela, badakit bizitza errazten duela askotan… baina desordenean, ni biziago sentitzen naiz, motibatuago; nolabait esateko, nire apalean, sortzaileago.

Gero, batek daki! Orain aukeratu beharko banu, agian Finlandiara joango nintzateke bizitzera.

Manex-Mujika

2022/10/14

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio