Rozalen

Pentsatzen dut ez naizela bakarra izan eta, aurreko astean, behin baino gehiagotan aritu naiz Rozalenek egindako Xalbadorren Heriotzean kantaren bertsioa Youtuben entzuten.

Ez naiz musikan aditua, baina gustatu zait. Eta gustatu zait, ez bakarrik ahotsa eta gitarra sinpleak bezain zuzenak iruditu zaizkidalako… gustatu zait, Albaceteko abeslariak euskarari dion errespetuagatik… ts eta tz-k bereizteko egiten duen ahaleginagatik, adibidez.

Eta zergatik ez onartu, harrotasun puntu bat ere sentitu dut, gure kulturatik hain urrun jaiotako kantautore ezagunak, gure hizkuntza gutxitu hau balioan jartzeagatik.

Bai, gustatu zait… baina gero haserretu egin naiz pixka bat. Eta haserretu naiz, neure buruarekin, euskaldun txikiaren konplexutik ari nintzela konturatu naizelako. Norbera nor izateko, nagusiaren bedeinkazioa behar duen morroiak bagina bezala…

Eta, ez! Hizkuntzek, pertsonek bezala, existitzeagatik beragatik dute balioa, eta bai, izate hutsagatik dituzte eskubideak. Hizkuntza bat, pertsona bat bezala, bere horretan da altxor bat, eta inguruko pertsonek eta hizkuntzek errespetua eta begirunea zor diote.

Horregatik, euskaldunoi ere, gure hizkuntza errespetatzea eta defendatzea tokatzen zaigu, gure altxorra zaindu, eta ahal dela, urrezko txanpon gehiagorekin hornitzea.

Sorionekuak gu!

2022/11/18

Manex Mujika Amunarriz

Irakaslea

[[Rozalen versiona en Youtube Xalbador Heriotzean]]

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio