‘Tulipen dantza’ thrillerrak munduan zehar ezagun egin zuen Ibon Martin donostiarra. 9 hizkuntzatara itzulia, ordura arte Euskal Herrian ezaguna zen egileak itsasoaren beste aldera salto egin ahal izan zuen horri esker. Oraingoan euskarara ekarri du Elkar argitaletxeak.
Ibon Martín, el bardo de Aiete | Aiete – Lantxabe – Katxola – Ayete
http://www.aiete.net/2021/01/gaviotas-en-katxola-de-la-mano-de-ibon-martin/
http://www.aiete.net/2019/11/ibon-martin-idazlea/
Urdaibain kokatuta dagoen Ibon Martinen sagaren lehen atala euskaratu du Aiora Jakak. ‘Tulipen dantza’ izenarekin, Elkar argitaletxearen eskutik, Ane Cestero inspektorearen pausoak jarraituko ditu irakurleak, normalean lasaia izaten den paraje ederrean. Izan ere, kazetari maitatu baten hilketarekin hasten da istorioa, eta Cesterok eta bere lantaldeak ikerketa egin beharko dute.
Ibon Martin berak aurkezpenean azaldu duenez, aurreko liburuekin –‘Ixiltasunaren itsasargia’-ren sagarekin– Euskal Herrian ezaguna egin bazen ere, ez zuen lortzen gure mugak gainditzea. ‘Tulipen dantza’-rekin, berriz, espainiar Estatu osoan saldu zituen liburu asko, eta Europan zehar ere ezaguna egiten hasi zen (batez ere Herbehereetan). Itsasoaren beste aldera ere iritsi zen eta Argentinan zein Mexikon arrakasta handia izan zuen. «Oso liburu berezia izan da niretzat ate pila bat ireki dizkidalako». Liburu hori 9 hizkuntzatara itzulia izan da orain arte, baina euskara falta zen. «Ilusio handia egiten dit eta, gainera, beharrezkoa iruditzen zait», aipatu du egileak.
‘Ixiltasunaren itsasargia’ euskaratzeko enkargua Aiora Jakari egin zioten eta lortutako emaitza irakurri ostean Martinek erabaki du gainontzeko lanak ere berak itzultzea. «Beste hizkuntza batera itzultzen dutenean ezin dut irakurri, baina euskaraz bai. Aiorarekin sentitzen dut nire liburuak hobeak direla, aberastu egiten dituela, eta hori lortzea oso zaila da. Beste pertsona baten liburuan sartzeak eta hilabeteetan horretan aritzeak meritu handia dauka», txalotu du.
Jakarentzat «luxu bat» izan da ‘Tulipen dantza’ itzultzea, aurretik Martinekin egin dituen gainontzeko lanak bezala. Hala ere, egilea bertakoa eta euskalduna izatean, desabantaila bat ikusten du: «Idazlea itzulpena irakurtzeko gai denez, presio bat sentitu dut bere oniritzia behar nuelako», aitortu du. Hala ere, lana Euskal Herrian kokatuta dagoenez ez zaio batere arrotza egin, eta hori da abantaila.
Era berean, kontatu du normalean itzuli behar duen liburua irakurri egiten duela aurretik, baina ‘Ixiltasunaren itsasargia’ itzultzeko enkargua egin ziotenean kanpoan zegoela eta ezin zuela liburua paperean eskuratu. Horregatik, lana errazteko, zuzenean itzultzen hasi zen, irakurri gabe, eta esperientzia gustatu zitzaionez, oraingoan ere berdin aritu da.
Euskarazko bertsioa jatorrizkoa baino laburragoa da, baina ez Jakaren lanaren ondorioz, egilearen beraren eta argitaletxearen erabakiz baizik. «Gaztelerazko bertsioak 500 orrialde ditu eta euskaraz luzatu egin ohi dira testuak, eta beldurra ematen zigun 600 orrialdetara joatea. Beraz, zati batzuk kendu ditut», aipatu du Martinek, mamia ukitu ez duela aurreratuz. Azken finean, thriller bat da.
Sagaren jarraipena
Ane Cestero inspektorearen saga honek jarraipena izango du urtarrilean aurkeztuko duen ‘El ladrón de rostros’ eleberriarekin, hirugarrena, Oñati, Arantzazu eta Urbia inguruan kokatua. Hau ere euskaratzeko itxaropena du idazleak, Jakak berarekin bat egiten badu behintzat. Era berean, aurreko sagak bezala, honek ere lau liburu izango dituela aurreratu du.
‘Isiltasunaren itsasargia’-ren saga Pasaian kokatu zuen; Martin bera donostiarra izanik oso ezaguna duen lekua da. ‘Tulipen dantza’-ren saga Urdaibain kokatua dagoenez, «landa-azterketa» egin behar izan zuen. Bertara askotan joan zen lekuak ondo ezagutzeko eta, idazten hastekoa zenean, Mundakan etxe bat alokatu zuen hilabetez; kresal usaina sartzen zen bertan eta itsasora zihoan eskilara bat zuen. Irakurleek etxe hau identifikatuko dute liburuaren orrialdeetan.
Nagore Belastegi