Duela 100 urteko latsarria, Miramongo basoaren bihotzean

Aieteko Lantxabe auzo elkarteak 2021ean jakinarazi zuen Miramongo basoan latsarri zahar bat aurkitu zutela, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkikuntza egiaztatu zuen ondoren. Orain, eremua txukundu egin dute, eta latsarria ezagutarazteko lanetan dabiltza.

Bi harraskek osatzen dute Aieteko latsarria.

Aieteko anfiteatrotik behera doazen bideak Miramongo basoan murgiltzen dira, hiriko naturagune ederrenetako batean. Gune lasaia da, paseatzeko oso aproposa eta askotariko animaliak eta landareak ikus daitezke baso guztitik. Hori gutxi balitz, basoa bisitatzeko beste arrazoi ere bada orain: latsarri zaharra ikustea.

Anfiteatroko eskuineko aldetik behera doan bidetari jarraituta, urmael batera iristen da berehala. Pakea errekako urak elikatzen du urmaela, eta, hain zuzen ere, erreka horretan dago latsarria. Urmaela inguratzen duen bidexkatik iritsi daiteke hara, oso modu errazean, udalak eremu guztia txukundu baitu berriki, Lantxabe auzo elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hala eskatuta.

2021ean aurkitu zuten

Urteen eta erabilera ezaren poderioz, latsarria lokatzez eta sedimentuz estaltzen joan da, baina Lantxabek aurkikuntzaren berri eman zuen 2021ean. Auzo elkarteko kide Felix Perezek azaldu duenez, Merkelin baserriko Juan Etxeberriarekin elkarlanean aurkitu zuten, eta Aranzadiri aurkikuntza egiaztatzeko eskatu zioten. Hala egin zuen zientzia elkarteko Arkeologia saileko arduradun Alfredo Morazak, eta latsarriari buruzko txostena ondu zuen.

Morazak ikerketan azaltzen duenez, XX. mendearen hasieran erabiltzen zuten latsarria inguruko baserrietako emakumeek (Erramunene, Katxola, Oriamendi, Merkelin eta Miramon baserrietakoek, besteak beste) eta, ziur aski, XIX. mendearen amaieran ere erabiltzen zuten; beraz, gutxienez 100 urte ditu. Ordea, txostenak jasotzen duenez, duela 70 bat urte utzi zioten erabiltzeari.

Gunearen irisgarritasuna hobetu dute, eta oso erraz iritsi daiteke orain latsarrira.

Etxeko arropa garbitzeko erabiltzen zuten, baina baita Donostiako hoteletako arropa eta turismo aristokratikoaren arropa garbitzeko ere: «Dirudienez, horrelako garbitokiak modan jarri ziren Donostian, XIX. eta XX. mendeen artean, hiria estatuko turismogune nagusietako bat bihurtu baitzen […]. Auzoko baserriak, eta bereziki emakumeak, estatuko familia nagusientzako edo bertako hotel eta jatetxeentzako garbitegi espezializatu bihurtu ziren», dio Morazak txostenean. Hain zuzen ere, Perezek azaldu du auzoko zaharrenek gogoratzen dutela latsarri horretan arropa garbitzen zuten emakumeetako batzuek Londres eta Maria Cristina hoteletarako eta Casa Nicolasa ostaturako latsari lanak egiten zituztela, besteak beste.

Bi harraskaz osatuta dago latsarria, eta bi altueratan daude, errekaren beraren desnibela aprobetxatuz eraikita. Txostenak dioenez, behekoa arropa xaboiarekin (etxean egindako xaboi artisauarekin) garbitzeko erabiltzen zuten emakumeek, eta goikoa xaboia kentzeko. Ondoren, arropa inguruko belardietan zabaltzen zuten lehortzeko, orduan basoa ez baitzen gaur egun bezain mardula.

Zaindu eta ezagutarazi

Aranzadik, Lantxaberekin batera, hainbat eskaera egin zizkion Donostiako Udalari, latsarria kontserbatzeko eta eremuaren dibulgazio lana egiteko helburuarekin. «Gure iragan hurbilak eta garai batean gizartean garrantzi handia izan zuen jarduerak utzitako ondare nabarmena da latsarria. Egoera horrek pieza bakar eta oso garrantzitsu bihurtzen du, are gehiago garbitegi horietako gehienak desagertuz joan direnean gure herrien eta, bereziki, Donostiaren aurrerabidearen ondorioz», dio Morazak txostenean.

Horrela, latsarriko lohiak erretiratzea, eremuko irisgarritasuna hobetzea eta bertan latsarriaren historiaren inguruko panel informatibo bat jartzea proposatu zuten. Lehenengo biak dagoeneko bete egin ditu udalak, eta panela ere jartzekoak direla azaldu du Perezek: «Morazak eta biok adostuko dugu panelean jarri beharreko testua, eta Hiri Mantenimenduko zinegotziari helaraziko diogu ondoren. Panela jarriko dutelako konpromiso formala daukagu». Beraz, laster, basoa eta latsarria bisitatu ez ezik, eremuaren historia ere ezagutu ahalko da han bertan.

Beñat Parra

2023/03/17

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio