les ponemos, además de la de su felicidad, la carga de la felicidad de sus padres. Y lo siento, pero no les toca. Les toca, solos, ser niños
Hegan egin duen beste albiste bat gehiago bihurtu den arren, burutik ezin kendu nabil Ana Obregonen amatasunaren edo dena delakoaren berria.
Nonbaiten irakurri nion, ume horrek, galduta zuen zentzua bueltatu diola bere bizitzari. Eta pena eman dit, ez amak, edo dena delakoak noski, umeak baizik; lan zailak jarri dizkiote jaiotzerako. Norbaitek esan dezake emakume hori desorekatuta dagoela eta ez dela ezeren adierazle, eta arrazoi du, baina kontua da, azkenaldi honetan antzeko jarrera asko ikusten ari naizela inguruan.
Berdin zait telebistako La Voz Kids edo antzekoetan, Gipuzkoako futbol zelai galduetan edo edozein lehiaketa motetan… gero eta guraso gehiago ikusten ditut, euren bizitzak seme-alaben bizitzaren bitartez bizitzen.
Ni ere pozten naiz, nola ez! gure seme-alaben «arrakastekin» eta kezkatu euren «porrotekin», baina urduri jartzen naiz, iruditzen zaidanean, helduen zoriona umeen gora-beheren menpe dagoela.
Eta orduan, hasten naiz pentsatzen… eta pentsatzen dut tristea dela, tristea eta batez ere injustua. Injustua seme-alaba horientzat, bizitzaren plazara atera berritan, euren zorionarenaz gain, gurasoen zorionaren zama jartzen diegulako. Eta sentitzen dut, baina ez zaie tokatzen. Tokatzen zaie, bakarrik, ume izatea. Uste dut.
Manex Mujika Amunarriz
Irakaslea
2023/05/12