Eskatu dio Lantxabe bizilagunen elkarteak alkateari…

Sara Ibarguren

2024/01/04

Donostiako Udalak 2024ko aurrekontuarekin egitea aurreikusten dituen hainbat proiektu aurkeztu ditu aste honetan, eta Aieteko Lantxabe bizilagunen elkarteak hainbat proposamen helarazi dizkio Eneko Goiari, “Aieterako ez dela ezer proposatu ikusi ostean”.

Bizilagunen elkarteak eskutitz bat bidali dio alkateari, eta bertan azaldu duenez, apirilean, udal hauteskundeen bezperan, bilera bat izan zuten alkatearekin Aieteko Topalekuan, Lantxaberen lokalean. “Hitzordu horretan, hainbat gairen errepasoa egin genuen, eta Aiete auzoarentzat oso garrantzitsuak diren lauzpabost gai aipatu genituen”, adierazi dute. Honako bost gai hauek izan zituzten hizpide bilera hartan: La Cumbreko lorategiak donostiarrentzat zabaltzea; auzoko bidegorrien sarea amaitzea, eta, ondorioz, bizikleta sarea hobetzeko lanean jarraitzea eta bidegorri estrategikoen zatia bukatuta ikustea; Katxola baserria babestea Miramongo Basoko interpretazio zentro gisa; Oriamendi berreskuratzea, paisaia eta memoria zentro gisa eta Errondo Gaina “dedikazio handiagoz” artatzea eta Amararekin lotzen duen igogailua edo funikularra eraikitzea.

Ia zortzi hilabete igaro dira hitzordu hartatik, eta Lantxabek salatu du proposamen horietako bakar bati ere ezin izan zaiola irtenbiderik aurkitu. “Zu mutu zaude, eta zure zinegotziek ere ez diote erantzuten ez telefonoari, ezta bidaltzen dizkiegun e-postei ere”, esan diote alkateari eskutitz horretan. Horrek, gutun ireki hau idaztera animatu dituela gaineratu dute, Goiak aste honetan egindako baieztapenean oinarrituta: “aurtengoa bultzadaren urtea izango da Donostiarentzat”.

Alkateari apirilean egindako proposamen horiek aintzat hartzeko eskatu diote Lantxabekoek, “herritarren iritzia kontuan hartuta hartzen direlako erabakiak”. Gaineratu dute zalantzak izan dituztela eskutitz hori publiko egiteko, “beti edukaziozko harremana” izan dutelako elkarrekin, baina esan dute ez dutela beste erremediorik izan: “Irteera desesperatu bat da, laguntza dei bat, Errondo Gaineko eta Aieteko jendearen izenean zure arretari egindako aparteko erreklamazioa”.

Amaitzeko, berriz nabarmendu dute Errondo Gaineko funikularra aurrekontu partiden artean egotea nahi dutela, “hiri proiektu errealista izateko aldez aurreko baldintza hori betetzen duelako”. Horrez gain, auzo gisa dituzten beste erronkei eusten dietela gaineratu dute, baina horrek “berariazko partida bat” eskatzen duela, eta, agian, “premiazkoena” dela.

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio